Itxi

Bideojokoa

Barcenas kasuari buruzko bideo-joko bat sortu dute

Erredakzioa

"Darsenas: El Tesorero Corrupto" bideo-jokoa doakoa da, eta Androiderako zein iOSerako deskargatu daiteke.

Bideojokoaren irudi bat. Argazkia:Mangarverdes.com

4D3 Animation Studio Kanarietako enpresak krisiari eta ustelkeriari modu umoretsu batean aurre egiteko bideo-joko bat kaleratu du: "Darsenas: El Tesorero Corrupto". Martxoan merkaturatu dute, eta Alderdi Popularraren diruzain ohia izan den Luis Barcenasen historian oinarritu dira.

'Smartphone' eta 'tablet' gailuetarako bideo-jokoa da, eta erabiltzaileek alderdi politiko baten diruzainaren papera jokatzeko aukera dute bertan. Alderdiaren partaideen artean dirua banatu eta funtsak Suitzako kontu pribatuetara desbideratu beharko dituzte, Ogasunak horren berri izan baino lehen.

Jokalariek iturri ezezagunek emandako diruaren erdia gutxienez alderdirako utzi beharko dute. Horretarako, gutun-azalak banatu beharko dituzte aliatuen artean. Aipatu helburuak betetzen ez badira edo taldekide batek kontuen liburuak prentsari filtratzen badizkio, berriz, amaitu egingo da jokoa.

Kanarietako enpresa hori gaurkotasuna islatzen saiatzen diren bideo-jokoak sortzen eta diseinatzen hasi da, betiere ironia eta parodia kutsuarekin.

Hala, bideo-joko sinple bat gaurkotasun politikoaren parodia bihurtzen da. "Darsenas: El Tesorero Corrupto" jokoa doakoa da, eta Androiderako (Google Play) zein iOSerako (iTunes) deskargatu daiteke.