Mondragon Korporazioa
Fagor Etxetresnakek ez du gaur eskatuko hartzekodunen konkurtsoa
Erredakzioa
2013/11/08
Konpainiaren Kontseilu Errektoreak goizeko lehen orduan abiatu du bilera, Edesarekin zer egin erabakitzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Fagor Etxetresnak konpainiak ez du ostiral honetan eskatuko hartzekodunen konkurtsoa, urrats hori gaurko iragarrita bazegoen ere, eta azkenean "epe laburrean" egingo du, datozen egunotan, kooperatibatik Europa Press agentziari jakinarazi diotenez.
Une honetan, zalantza nagusia Edesa Basauri da. Asteazkenean, Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak lantegia "salbatu" egingo dela iragarri zuen, foru erakundeak 3 milioi euroko bermea emango diolako. Fagor Etxetresnaketik, baina, ukatu egin dute, eta oraindik ez dutela zer egin erabaki zehaztu dute.
Horren ildotik, Fagor Etxetresnaken Kontseilu Errektorea bilera egin du goizeko lehen ordutik, Edesaren egoera eta Bizkaiko Aldundiaren eskaintza aztertzeko. Ez dago garbi gaur zerbait erabakiko duten.
3 milioi euroko laguntza iragarri zuenean, epe laburreko konponbidea baino ez dela aitortu zuen Bilbaok berak, Edesak bideragarritasun plan bat diseinatu beharko baitu.
Laugarren eguna, Endesan itxita
Bien bitartean, Edesako langileek aurrera egin dute itxialdiarekin, eta gaur laugarren eguna dute Basauriko lantegian, itxita.
Langileek asteartean abiatu zuten protesta, Fagor Etxetresnak ez ixtea eskatzeko eta kooperatibaren langile guztiei elkartasuna adierazteko.
Fagorreko bazkideek konpromisoa eskatu diete erakundeei
Bestalde, Fagor Etxetresnaken Kontseilu Sozialak (langile bazkideen ordezkariak) industriarekin eta enpleguarekin "bankuekin erakutsitako konpromiso maila bera" erakustea eskatu diete erakunde publikoei.
Agiri batean, Kontseilu Sozialak "bere gain" hartu du gertatutakoan "berak eta bazkide guztiek duten erantzukizuna", baina beste ardura batzuk "ezerezean" geratzea eta bazkideek tratu "desegokia" jasotzea ez dutela onartuko ohartarazi du.
Bazkideen ordezkariek "mugimendu kooperatibista indartzeko" lanean jarraitzeko deia egin du.