Fagor Etxetresnak
Fagor Etxetresnaken lanpostuei eustea eskatu du giza kate batek
Erredakzioa
2013/11/11
Mondragon Korporazioari 'bidezko' erretiroak, 'txandakako' langabezia eta lana 'talde osoaren aurretiko erretiroekin" banatzea eskatu dute Fagor Etxetresnen eta Edesako langileek Arrasaten.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Fagor Etxetresnaken bazkide talde batek deituta, giza katea osatu dute gaur goizean Arrasaten kooperatibaren egoeraren aurrean "irtenbideak eskatzeko". Protesta 09:00etan hasi da, Arrasaten Lagun Arok duen bulegotik, eta Mondragon Korporazioko egoitzan bukatuko da. Edesako langileak autobusez joan dira Arrasatera, giza katean parte hartzeko. Beharginok lanpostuei eusteko deia egin diote Mondragon Korporazioari eta, hori %100ean egitea posible ez balitz, Fagor Etxetresnen langileei "bidezko" baldintzak bermatzea galdegin dute.
500-600 bat langile bildu dira protestan, eta "Edesa ez itxi" edo "Mondragon, más implicación" (Mondragon, inplikazio gehiago) oihuka esanez, lanpostuak mantentzeko eskatu dute. Euren hitzetan, hainbat lantegi "errentagarri" dira eta ez dute ulertzen "ixteko erabakia". Hala, "borrokari eusteko" borondatea azpimarratu dute.
Mikel Olabe Fagor Etxetresenen bazkide eta Ahots Kooperatibistak taldeko kideak ekitaldiaren amaieran azpimarratu duenez, euren eskakizun nagusia bazkideen eta behin-behineko langileen "lanpostuei eustea" da.
Enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartuta, lanpostu guztiak mantentzea ia ezinezko izango dela aitortuta, "bidezko" erretiroak, "txandakako" langabezia eta 'talde osoaren aurretiko erretiroekin" lana banatzea eskatu diote Mondragon Korporazioari.
"Elbarritasun bat dutenek lan egiten jarrai dezaten eta giza hondakin moduan tratatu ez ditzaten" deia egin du Olabek.
Ekarpenak hizpide, Mondragon Korporazioari "banketxe txar" ez izateko eta "aurreztaileei sartutako dirua itzultzeko" eskatu diote.
Protesten ingurumaria honetan, manifestazioa deitu dute ostegunerako, Basaurin, 18:00etan hasita.
Edesa eta hartzekodunen konkurtsoa
Fagor Etxetresnak kooperatibako Kontseilu Errektoreak bilera egingo du arratsaldean, Basauriko Edesa lantegiari buruzko behin betiko erabakia hartzeko. Larunbatean beste bilera bat egin zuten, baina akordiorik gabe amaitu zen bilera, Kontseilu Errektoreak Europa Press albiste agentziari jakinarazi dionez. Ezustekorik ezean, enpresak astelehenean jakinaraziko du bere erabakia.
Edesako langileak, bestalde, beren etorkizuna ezagutzeko zain daude. Basauriko Edesa lantegiko langileek azaroaren 5ean hasitako itxialdiarekin jarraitzea erabaki dute, eta konponbideak eskatzeko manifestazio bat egitea aztertzen ari dira.
Aste honetan, Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan sartuko da, eta kooperatiba likidatze bidean jarriko da.
Fagor Etxetresnaken Poloniako Mastercook filialak urriaren 31n aurkeztu zuen hartzekodunen konkurtsoa, eta Frantziako Fagor Brant etxeak ordainketak eten ditu.
Albisteak (4)
Bideoak (1)
Informazio gehiago (1)