Hartzekodunen konkurtsoa
Fagorreko langileak birkokatzen hasi da Mondragon
Erredakzioa
2022/10/28
Korporazioko iturriek azaldu dutenez, Fagorreko hainbat langile daude dagoeneko beste kooperatiba batzuetan lanean.
Mondragon Korporazioak abiatu du Fagorreko langileak birkokatzeko prozesua, eta, dagoeneko, Fagorreko Etxetresnakeko hainbat langile daude beste kooperatiba batzuetan lanean, Mondragoneko iturriek Europa Press agentziari baieztatu diotenez.
Korporazioak ez du datu zehatzik eman, baina hainbat langile birkokatuta daudela ziurtatu du. ''Lehen birkokapenak egin dira dagoeneko. Badago jendea lantoki berrietan lanean'', gaineratu du.
Fagor Etxetresnakek asteazken honetan eskatu zuen hartzekodunen konkurtsoa. Kooperatibak bizi duen krisi egoera horren aurrean, datozen hilabeteotan 1.000-1.200 langile inguru birkokatzea edo aurretiazko erretiroa ematea dute helburu, Mondragonen datuen arabera.
Ildo horretan, jarduera berrien aldeko apustua egingo duela iragarri du Mondragon Taldeak, eta, horregatik, ''enplegua sortzeko jarduera aukera ezberdinak aztertzeko'' lanean dela azpimarratu du. Halaber, prestakuntza maila gutxien dituzten bazkideen enplegugarritasuna handitzeko, formakuntza proposamen berezia abiatzea aurreikusi dute.
Bestalde, aurretiazko erretiroa abiatzeko prestazio proposamena definituko dute Lagun-Aro EPSVrekin, iturri horiek azaldu dutenez.