Itxi

Eusko Legebiltzarra

Aurrezkiak berreskuratzeko funtsa eskatu dio Ordainduk MCCri

Erredakzioa

2022/11/03

Bestalde, bere aldarrikapenak babesteko ebazpena onartzea eskatu dio plataformak Legebiltzarreko batzordeari.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Ordaindu plataformako bozeramaileek funts bat sortzea eskatu diote Mondragon Korporazioari (MCC). Baliabide horren bitartez Fagor Etxetresnakek bazkideen aurrezkiak berreskuratzeko eskakizunei aurre egin ahal izango die. Bazkideek borondatezko ekarpenak eta merkataritza-maileguak egin zituzten kooperatiban.

Itziar Gabilondok, Mikel Olabek eta Isidro Sanchezek agerraldia egin dute gaur Eusko Legebiltzarreko Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasunerako Batzordean. Txema Gisasola Mondragon Korporazioko presidentearekin asteazken honetan bilduko dira.

Ordaindu plataforma bazkide kooperatibistek, bazkide ohiek eta senitartekoek osatzen dute. Erretiroa hartu duten eta lanean ari diren langileek kooperatiban egindako inbertsioa berreskuratzea eskatzen du Ordainduk: 87 bat milioi euro.

Fagor Etxetresnak hartzekodunen konkurtsoan sartzeak bazkideen arazoa areagotu du; izan ere, bere garaian borondatezko ekarpenak eta merkataritza-maileguak egin zituzten.

2013ko azaroaren 1etik aurrera inbertitutako dirua ezin dute berreskuratu. Horrez gain, kaltedunek ez dituzte lehen seihilekoko interesak kobratu.

Legebiltzarraren aurrean, dozenaka bazkidek elkarretaratzea egin dute aurrezkiak itzultzea eskatzeko.

Kaltedunek elkarretaratzea egin dute Legebiltzarraren aurrean. Argazkia: EFE

Babes ebazpena

Ordainduren aldarrikapenak babesteko ebazpena onartzea eskatu dio Mikel Olabek Legebiltzarreko batzordeari. Era berean, aurrezkiak berreskuratzeko funtsa sortzea Korporazioari eskatzea nahi dute. Likidazioa egiteko orduan Fagor Etxetresnakeko administratzaile konkurtsalek bazkideak "ordena egokian" jartzea eskatu du Olabek.

Bestalde, Fagor Etxetresnaken Kontseilu Errektorearen erabakiak 800 bat pertsonari eragiten diela azaldu du Itziar Gabilondok.

Dirua "legez kanpo" atxiki dutela errepikatu dute Ordainduko bozeramaileek; izan ere, bazkideak behin eskatu duenean inbertsioa bueltatzeko epeak legalki ezarrita daude.