Itxi

Fagor Etxetresnak

Edesako langileek protesta ekintza berriak egingo dituzte

Erredakzioa

2013/11/28

Bihar Fagor Etxetresnakeko langileek deitutako manifestazioan parte hartuko dute, abenduaren 3an Basauritik Arrasatera bitarteko bidea egingo dute oinez.

Edesako langileek protesta ekintza berriak egingo dituzte. Argazkia: EFE

Basauriko Edesa lantegiko langileak Arrasatera joango dira bihar, eta Fagor Etxetresnakeko langileek biharko deitu duten manifestazioan parte hartuko dute. Halaber, abenduaren 3an eta 4an Basauritik Arrasatera bitarteko bidea oinez egingo dute, Edesa lantegia ez ixtea eskatzeko.

Langileek mobilizazio berriak egingo dituzte datozen egunetan. Azaroaren 19an aldarrikapen ekitaldiak bertan behera uztea erabaki zuten, eta bazkideen birkolokatze auzian Mondragon Taldeari "konfiantzazko boto bat eman zioten".

Basauriko lantegiko langileek salatu dutenez, Fagor Etxetresnakeko bazkideak beste kooperatibetan birkolokatu dituzten bitartean, Edesako langileak ez dituzte inora mugitu.

"Mondra-Martxa" izena jarri diote oinez egingo duten ibilaldiari eta bi jardunaldietan banatuta egingo dute. Ibilaldi horretan Edesa lantegiaren bideragarritasuna aldarrikatzeaz gain, bazkideak beste kooperatibetan birkolokatzeko eskatuko dute.

Bestalde, igandean Basaurin euskararen alde egingo den kalejiran parte hartuko dute.