Itxi

Krisia Fagorren

Grumal eta Proiek Habitat enpresek hartzekodunen konkurtsoa deitu dute

Erredakzioa

2013/12/09

Konkurtsoa eskatzeko, memoria ekonomikoa bidali eta kaudimen-gabezia egoeran daudela argudiatu dute enpresa horietako arduradunek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Donostiako Merkataritza-arloko Epaitegiak Grumal eta Proiek Habitat Equipament Azpeitiko eta Arteako enpresak hartzekodunen borondatezko konkurtsoan deklaratu ditu, Fagor Etxetresnakek eskatuta.

Osteguneko autoan, Grumal eta Proiek enpresentzat hartzekodunen konkurtsoa ezarri zuen aipatu epaitegiak. Konkurtsoa eskatzeko, memoria ekonomikoa bidali eta kaudimen-gabezia egoeran daudela argudiatu dute enpresa horietako arduradunek.

Erabaki horren aurkako helegitea jarri daiteke oraindik.

Pedro Jose Malagon epaileak jasotako dokumentazioa irakurrita kaleratu duen autoan jaso duenez, enpresa biek ez dute kaudimenik.

Azpeitiko Grumalek 12 milioi euroko pasiboa zeukan irailean, aktiboa (2 milioi euro) baino askoz handiagoa. Dirutan, berriz, 36.000 euro zeuzkan kutxan. Beraz, epaileak azpimarratu du datu horiek oso argi erakusten dutela Grumal ez dela gauza zorrak ordaintzeko.

Arteako Proiek Habitat ere egoera horretan dagoela esan du epaileak, nahiz eta pasiboaren eta aktiboaren arteko aldea hain handia ez izan (11 milioi euroko pasiboa eta 7 milioiko aktiboa, irailean). Hala ere, diru-kutxa zenbaki gorritan zeukan, 15.000 euroko zorrarekin. Beraz, datu horien aurrean, kaudimenik ez daukala ebatzi du Malagon epaileak.

Datu horiek guztiak aurrean dituela, hartzekodunen borondatezko konkurtsoaren hasiera deklaratu du bi enpresentzat. Epaileak gaineratu duenez, enpresek ez dute ondarearen likidaziorik eskatu.

Hemendik aurrera, konkurtsoaren berri emango diete Grumalek eta Proiekek hartzekodun bakoitzari eta langileen ordezkariei, eta hartzekodunek hilabete izango dute zorren berri emateko konkurtsoaren administratzaileari.