Itxi

Legebiltzarra

GEZKI: 'Fagorren krisia ez da euskal kooperatibismoaren amaiera'

Erredakzioa

2014/01/30

EHUko GEZKI Gizarte-Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuko zuzendariaren ustez, akatsetatik ikastea beharrezkoa da.

Baleren Bakaikoa EHUko GEZKI Gizarte-Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutuko zuzendariaren ustez, Fagorren krisia "ez da euskal kooperatibismoaren amaiera", baina akatsetatik ikasi behar dela ohartarazi du.

"Kooperatibak izaki bizidunak dira: jaio, garatu eta, denborarekin, hil egiten dira", esan du Bakaikoak Legebiltzarrean, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Batzordean. Sozialistek eskatuta egin du agerraldia, Fagor Etxetresnaken egoeraren inguruko iritzia emateko.

GEZKIko zuzendariaren hitzetan, Fagorren krisiak ekonomia arloa eta gizartea bera ere "aztoratu" ditu, Mondragon Taldearen lehen kooperatiba izan zelako, baina horrek ez du esan nahi krisi horrek kooperatiben eredua ezbaian jartzen duenik, azpimarratu du Bakaikoak.

Hala, EHUko adituak esan du 2009an 1.478 kooperatiba zeudela Euskadin, eta 55.121 enplegu sortu zituztela. 2012an, berriz, 1.533 ziren kooperatibak, eta 56.365 langile zituzten.

"Etorkizuna duen figura juridikoa da kooperatiba", adierazi du. "Egindako okerretatik ikasi egin behar dugu", gaineratu du.

Ekarpen subordinatuak

Bestalde, Itziar Villafañez GEZKIko kide eta zuzenbide konkurtsalean eta kooperatiboan adituak Eroskiren eta Fagorren ekarpen subordinatuak izan ditu hizpide gaurko agerraldian.

Horren hitzetan, finantzaketa lortzeko sistema horrek ez du legezkotasun arazorik. "Arazoa komertzializazioan egon da", azpimarratu du. "Produktuak erosi zituztenek ez zekiten zer ari ziren egiten", gaineratu du.

"Kontratu hori baliogabea izango da edo bertan behera utzi ahal izango dute, aldeek horri eutsi nahi ez badiote behintzat", azaldu du.