Hartzekodunen konkurtsoa
Aurkeztutako sei eskaintzak 'eskasak' dira, Fagorren ustez
Erredakzioa
2014/07/04
Epaileak uztailaren 9ra arteko epea eman die interesa agertu duten enpresei euren eskaintzak hobetzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Fagor Etxetresnaken hartzekodunen konkurtsoko administratzailearen arabera, aurkeztutako sei eskaintzak "etsitzeko modukoak" dira, eskainitako diru-kopuruak "eskasak" baitira. Guztien artean, Cata kataluniarrarena da gustukoena.
Eskaintzen inguruko txostena ostegun gauean bidali dute Donostiako Merkataritza Arloko 1. Epaitegira, eta orain abian da eskaintza horiek hobetzeko epea.
Guztira, sei dira aurkeztutako eskaintzak: Cevital talde aljeriarrarena, Cata enpresa kataluniarrarena, Ecomac txiletarrarena, Amica poloniarrarena, Ariston italiarrarena eta Taurus espainiarrarena.
Txostenean agertzen denez, Catarena da eskaintza onena. Kataluniarrek hasieran egindako eskaintza hobetu egin zuten, eta enpresako aktibo guztiak hartzen ditu, Confort barne. 20 milioi euroko eskaintza da, eta 620 lanpostu zuzen eta 897 ez-zuzen bermatzen ditu.
Cevitalek, aldiz, 18 milioi euroko eskaintza egin du, eta 1.300 lanpostu ziurtatzen ditu Euskadin.
Ecomac txiletarrak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa du, eta 7 milioi euro eskaini ditu Edesak Basaurin duen lantegia bereganatzeko. 113 lanpostu zuzen eta 60 ez-zuzen eskaintzen ditu.
Amica italiarrak, berriz, Edesaren lerro zuria bakarrik nahi du, eta hamar bat lanpostu eskaintzen ditu komertzialentzat. Taurusek eta Aristonek ez dute lanposturik eskaintzen.
"Gehiegizko deskontuak"
Txostenean agertzen denez, administratzailea eskaintzak egin dituzten enpresekin elkarrizketatzearen alde agertzen da, eskaintza horiek hobetzeko. Horren ustez, "eskasak" dira, Fagor Etxetresnaken aktiboen balioa ikusita. Eskainitako diru-kopuruei dagokienez, "gehiegizko deskontuak" ikusten ditu.
Bestalde, Pedro Malagon hartzekodunen konkurtsoaren ardura duen epaileak enpresei eskaintzak hobetzeko uztailaren 9ra arteko epea dutela jakinarazteko agindua eman du.
Albisteak (4)
Bideoak (2)
Informazio gehiago (1)