Hartzekodunen konkurtsoa
Fagor erosteko eskaintzak hobetuko dituzte Cata eta Cevital konpainiek
Erredakzioa
2014/07/09
Eskaintza hobetuak aurkezteko epea uztailaren 16an bukatuko da, Fagor erosteko interesa duten enpresek eskaintzak hobetzeko borondatea zutela jakinarazteko epea asteazken honetan amaitu eta gero.
CNA Group talde katalaneko Cata konpainiak Fagor Etxetresnak erosteko eskaintza hobetuko duela jakitera eman dio Donostiako merkataritza-gaietarako epaitegiari. Era berean, Cevital Aljeriako konpainiak eskaintza hobetuko duela iragarri du.
Horrela, eskaintza hobetuak aurkezteko epea uztailaren 16an bukatuko da, Fagor erosteko interesa duten enpresek eskaintzak hobetzeko borondatea zutela jakinarazteko epea asteazken honetan amaitu eta gero, konkurtsoko iturriek azaldu dutenez.
Cevital proposamen berriaren diseinuan lanean ari da, enpresako iturriek azaldu dutenez. Bestalde, Fagor erosteko "enkantean" mantendu nahi du Catak, konpainiako iturriek baieztatu dutenez.
Fagor Etxetresnak erosteko asmoa duten konpainiek orain arte aurkeztutako eskaintzak hobetzeko borondatea dutela jakitera emateko Pedro Malagon epaileak eman zuen epea asteazken honetan bukatzen da.
Guztira, sei eskaintza aurkeztu dituzte konpainiek: Cata, Cevital, Ecomac Txileko inbertsio funtsa, Amica poloniarra, Taurus taldea eta Ariston italiarra.
Eskaintzak aurkeztu eta gero, Cataren eskaintza onena zela esan zuen konkurtsoko Administrazioaren txosten batek. Hala ere, eskaintza guztiak "etsigarriak eta eskasak" zirela erantsi zuen.
Horregatik, epaileak epe bat eman zien eskaintzak hobetzeko borondatea azaltzeko. Epea asteazken honetan amaitzen da. Cevitalek eta Catak euren eskaintzak hobetuko dituztela iragarri dute dagoeneko.
Eusko Jaurlaritza
Fagor saltzeko prozesua "lanpostuak eta etorkizuna bermatzeko egitasmo onenarekin bukatzea" espero du Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politikarako sailburuak.
"Euskadiko krisi garrantzitsu baten amaiera ikus daiteke", azpimarratu du Aburtok. Fagorren porrota euskal kooperatibismoa "zalantzan jartzeko erabili zutenak" kritikatu ditu Aburtok, "bidegabe jokatu zutelako".