Hartzekodunen konkurtsoa
Lau enpresak Fagor erosteko egindako eskaintzak hobetuko dituzte
Erredakzioa
2014/07/10
Cata talde kataluniarrak, Cevital aljeriarrak, Adelan txiletarrak eta Ariston italiarrak uztailaren 16ra arteko epea izango dute orain arte egindako eskaintzak hobetzeko.
Fagor Etxetresnak erosteko asmoa erakutsi duten sei enpresetatik lauk hasierako eskaintzak hobetuko dituztela adierazi dute. Uztailaren 16a izango dute epemuga.
Donostiako Merkataritza Arloko 1. zenbakiko Auzitegiak erabaki bat argitaratu du, hobetzeko lau eskaintza daudela adieraziz, eta uztailaren 16rako eskaintzak zehaztu eta hartzekodunen konkurtsoaren prozeduraren barnean azaltzeko eskatu die enpresei.
Cata talde kataluniarrak, Cevital aljeriarrak, Adelan txiletarrak (Ecomac taldea) eta Ariston italiarrak jakinarazi dute hasierako eskaintza hobetzeko asmoa dutela. Fagor Etxetresnakeko konkurtso administratzaileek lehen eskaintzak "eskasak eta baxuegiak" zirela adierazi zuten.
CNA taldeko Cata enpresak 19,8 milioi euro eskaini zituen hiru ekitalditan, Basauriko Edesa izan ezik, Fagorren lantegi guztien truke. Gainera, aurten 501 lanpostu eta 2018rako 703 sortzeko konpromisoa hartu zuen.
Cevital taldeko Electrom Zerham enpresa 18 milioi euro ordaintzeko prest agertu zen Garagartzako eta Eskoriatzako lantegiengatik (linea zuria eta minidomestikoak) eta Edesaren markengatik, eta 300 lanpostu bermatuko zituela esan zuen.
Ecomac taldearen Inversiones Aledanek Edesaren produkzio unitatea, Edesa marka eta Fagor eta Aspes markak erabiltzeko lizentziak erosteko asmoa agertu zuen 50.000 euroren truke. Lehen urtean 51 lanpostu sortuko zituela adierazi zuen, bost urteren buruan 113 izatera iristeko.
Ariston taldeko Ariston Thermok 3 milioi euro eskaini zituen confort gamako produktuengatik, 200.000 euro Edesaren produkzio lerroengatik eta 5.000 euro Basauriko confort markengatik, urteko salmenten gaineko % 2ko royaltiarekin. Ez zuen, ordea, lanpostuen inguruko konpromisorik agertu.