Itxi

Produktu berriak izango dira

CNA Fagorren Zuzendaritza berria osatzen ari da, irailean hasteko

Erredakzioa

2014/08/09

Enpresaren arabera, Zuzendaritza berriko "ia kide guztiak" Arrasateko enpresako bazkide ohiak eta langile ohiak izango dira.

CNAko eta Catako Zuzendaritzako kideak, Arrasaten. Argazkia: EiTB

CNA Fagor Etxetresnak erosi duen enpresa taldea Zuzendaritza berria osatuko duten kideak kontratatzen ari da abuztuan, merkataritza-jarduera irailean hasi eta urrian bi lantegitan ekoizpena hasteko asmoarekin.

Epaileak, 38,5 milioi euroren truke, Fagor Etxetresnak CNA Kataluniako taldeari (Cata enpresa talde horretakoa da) esleitu zion egunean Zuzendaritzako kideek aurkeztu zituzten jarduera ildo nagusiak berretsi ditu gaur, larunbata, taldeak.

Horrela, CNA "lanean ari da, abuztuan, erlojuaren kontra", eta Zuzendaritzako kide berriak kontratatzen hasi da; "ia kide guztiak" Arrasateko enpresako bazkide ohiak eta langile ohiak izango dira.

Gainera, azaldu duenez, "iraganean Fagor lidertzan kokatu zuten lan-taldearen esperientziaren eta baloreen alde egitea" erabaki dute.

Kataluniako taldeak irailean merkataritza jarduera eta administrazio lanak hasteko asmoa du, eta horretarako aktibazio plana eta marketing plana egiten ari da.

Zuzendaritza berria lanean da dagoeneko, 2014/215 denboraldian produktu berriak garatzeko asmoarekin, produktu mota eta sail guztietan: hotza, garbiketa, egosketa, etxeko hornidura eta tamaina txikiko etxetresnak.

CNAk, bestalde, ziurtatu duenez, prest du jada datozen hilabeteetako produkzioa, hori dela eta, Garagartza eta Eskoriatzako lanteagiak urrian ekoizten hasteko beharrezkoa materiala biltzen dihardu.

CNAren arabera, modelo berriak egingo dituzte eta, "betiko produktuei gehituta, jarraitasuna eta berrikuntza eskainiko zaizkie bezeroei estatu mailako merkatuan".