Itxi

Protesta

Ordainduko kideek Mondragon Korporaziora sartzeko bidea itxi dute

Erredakzioa

2022/11/04

Mondragon Korporazioko zuzendaritzarekin “negoziazio prozesua” abiatu nahi dute langile ohiek, zor dizkieten "50 milioi euroak berreskuratzeko".

Ordaindu elkartea

Ordaindu elkarteko kideek (Fagor Etxetresnakeko langile ohiak dira, kooperatibari egindako ekarpenak direla eta kaltetuak) Mondragon Korporaziora eta Mondragon Unibertsitatera sartzeko bidea itxi dute gaur goizean, Arrasaten.

Ohar batean azaldu dutenez, protesta 07:30ean hasi dute, eta ordu erdiz egon da bidea itxita. Kartelak eta pankartak agerian zituztela egin dute protesta.

Iturri horien arabera, protesta modu “baketsuan” amaitu dute Ertzaintza bertaratu bezain laster. Mondragon Korporazioko zuzendaritzarekin “negoziazio prozesua” abiatu nahi dute langile ohiek.

Horregatik, Javier Sotil Mondragon Korporazioko presidente berriari lehenbailehen beraiekin biltzea eskatuko diote, negoziazioa abiatzeko. Ekarpenak, maileguak edo erretiroak direla eta zor dietena berreskuratu arte, “beharrezkoak” diren “neurri demokratiko guztiak” hartzeko prest agertu dira.

Protestariek nabarmendu dutenez, Fagor Etxetresnak enpresaren itxieraren ondorioz kaltetutako 1.100 bat kaltedun daude Eskuratu eta Ordaindu elkarteetan, eta guztira “50 milioi euro” zor dizkietela salatu dute.