Senatuan aztertu ondoren
Kongresuak behin betiko onartu ditu 2013ko Aurrekontu Orokorrak
2012/12/20
89 zuzenketa gehitu dizkiote proiektuari. Oposizioko alderdi guztiek, UPNk salbu, gogor kritikatu dituzte aurrekontuok.
Diputatuen Kongresuak behin betiko onartu ditu ostegun honetan 2013ko Aurrekontu Orokorrak, Senatuan 89 zuzenketa gehitu ondoren. Hala, aurrekontuak prest dira jada urtarrilaren 1ean indarrean sartzeko.
Oposizioko alderdi guztiek, UPNk salbu, gogor kritikatu dituzte kontuok. Horien ustez, aurrekontuak ez dira errealak diru-sarreren zenbatekoari dagokionean, eta herritarren interesen kontra doazen bidegabeko neurriak biltzen dituzte.
Joan den irailean onartu zuen Gobernuak aurrekontuen proiektua, eta hiru hilabetez aztertu dute Kongresuan eta Senatuan. Azken ganbera honetan zortzi beto gainditu behar izan ditu, eta 89 zuzenketa berri gehitu dizkiote proiektuari.
Gehitutako neurriak
Erkidegoetako Diru-Funtsan 23.000 milioi euroko mailegua biltzea izan da 2013ko aurrekontuei gehitu dizkieten neurrietako bat.
Halaber, udalek zorpetzeko duten gaitasunean malgutasuna ezartzea onartu dute, eta gaineratikoak hazkunde ekonomikoa eta enplegua sortzeko bideratu ahal izango dituzte.
Bestalde, iruzur fiskalari eta Gizarte Segurantzako iruzurrari aurre egiteko lege proiektua ere berretsi du Kongresuak. Araudi horretan ezartzen diren aldaketek Kode Penala aldatzea ekarriko dute, iruzur egiten dutenei sei urte arteko kartzela-zigorra ezarri ahal izateko. Halaber, aurrerantzean 50.000 eurotik gorako iruzurrak jazarri ahal izango dituzte penalki (lehen 120.000 eurokoa zen muga hori).
Halaber, zergen proiektua ere onartu du Kongresuak, datorren urtean etxebizitza erosteagatik egin ohi zuten laguntza bertan behera utzita. Lege horrek, gainera, ondasunen gaineko zerga luzatuko du.