Tramiteak
Legebiltzarrak hilaren 28an erabakiko du ordainsaria aurreratu ala ez
Erredakzioa
2012/12/21
Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarraren baimena behar du udako aparteko ordainsaria urtarrilera aurreratzeko. Aurretik, Gobernu Kontseiluak lege aurreproiektua onartu beharko du astelehenean
Eusko Jaurlaritza berriak Legebiltzarraren baimena behar du udako aparteko ordainsaria urtarrilera aurreratzeko, eta, segur aski, abenduaren 28ko osoko bilkuran jorratuko dute gaia. Datorren ostiralean ezin bada, hilaren 31n hitz egingo dute gaiaz.
Iñigo Urkullu buru duen Gobernu Kontseilua datorren abenduaren 24an elkartuko da, eta bertan ordainsaria aurreratzea ahalbidetuko duen lege aurreproiektua onartuko dute.
Gobernu Kontseiluak lege aurreproiektua onartutakoan, hilaren 26an Eusko Legebiltzarrera eramango dute legea. Egun horretan egingo dute bilera, hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarreko Mahaiak eta Bozeramaileen Batzordeak.
Aurreikuspenak betetzen badira, abenduaren 28ko osoko bilkuran erabakiko dute udako aparteko ordainsaria urtarrilera aurreratu ala ez. Egun horretan ezin bada, urteko azken egunean hartuko dute erabakia.