Euskobarometroa
EAEko herritarren % 51 'gogor' jo ditu krisiak
Erredakzioa
2012/12/28
Herritarren %83 krisiaren eragina pairatzen ari da. Bestalde, nabarmen hazi da krisi ekonomikoa tarteko Euskaditik irteteko prest daudenen kopurua.
EAEko herritarren % 83 krisiaren eragina pairatzen ari da, eta % 51 “biziki” ari da egoera ekonomikoaren ondorioak sufritzen. Bi kasutan, asko hazi da kopurua, aurreko seihilekoarekin alderatuta.
Datu horiek atera daitezke gaur argiratu duten azken Euskobarometrotik. Espainiako krisi ekonomikoaren harira EAEko herritarrak oso ezkorrak dira, eta ezkorren kopuruak gora egin du eta inoizko altuena da (%94).
Bestalde, Euskadiko egoera ekonomikoa “txarra” dela uste dute hirutik bik. Hori uste dutenen kopurua bost puntu igo da aurreko seihilekotik.
Ia hamarretik bederatzik murrizketen eragina pairatzen ari direla uste dute, eta % 55 “biziki” ari da neurrien ondorioak jasaten, bereziki Araban eta Bizkaian.
Inkestan parte hartu dutenen %72k uste dute murrizketak ez daudela justifikatuta. Beste zenbaitek (%12) horretarako arrazoiak badaudela diote. Halaber, austeritate neurriak lekuz kanpo daudela uste dute EAJ eta EH Bildu alderdietako boto-emaile gehienek, eta baita abstentzioaren alde egiten dutenek ere. Bestalde, Alderdi Popularreko hautesleriaren artean iritzi kontrajarriak daude: % 43 alde eta % 26 kontra.
Herritarren gehiengoak (% 57) murrizketen gainetik alternatibak badaudela uste du, eta %34ak politikariek eskuak lotuta dituztela iritzi dio. Alderdi politiko ezberdinetako hautesleek alternatibak badaudela uste dute, ez, ordea, popularrek.
Euskal herritarren kezkak
Hamarretik seientzat enplegua da kezka iturri nagusia, eta azken seihilekoan gora egin du gainera kopuruak. Bestelako kezkak ere badituzte euskal herritarrek, hala nola, egoera ekonomikoa, ezberdintasun sozialak eta ongizate gizarteari buruzkoak, eta neurri txikiagoan, egoera politikoa eta etxebizitza. Bestalde, lehen aldiz, desagertu egin da.
Geroz eta gehiago dira Euskaditik irteteko prest daudenak
Nabarmen hazi da krisi ekonomikoa tarteko Euskaditik irteteko prest daudenen kopurua.Herritarren % 12 Euskaditik irteteko prest dago bertoko bizi baldintzak eskainiz gero. Araban lau puntu altuagoa da atzerrira joateko prestutasuna dutenen kopurua. Gaiaren harira, iritzi antzerakoa dute gainera gizarte eta alderdi politiko ezberdinetako kideek.
Albisteak (1)
Informazio gehiago (1)