Elkarrizketa
Confebask: 'Iaz 2.100 enpresa itxi zituzten EAEn'
Erredakzioa
2013/01/22
Miguel Angel Lujua patronalaren presidenteak azaldu duenez, "enplegua ez da lan erreformagatik galtzen, enpresen itxieragatik baizik".
Miguel Angel Lujua Confebask EAEko patronalaren presidenteak ohartarazi duenez, "enplegua ez da galtzen lan erreformagatik, enpresen itxieragatik baizik", izan ere, "kreditu gabeziaren arazo larria" pairatzen dutela salatu du. Hori dela eta, Kutxabanki "ahal duen kreditu guztia" emateko "konpromisoa" eskatu dio.
Lujuak Radio Euskadin egindako elkarrizketa azaldu duenaren arabera, iaz 2.100 enpresa itxi zituzten Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta aurtengo egoera 2012koa "bezain txarra" izango dela aurreikusi du.
EAEko patronalaren buruaren esanetan, "enpresen eta norbanakoen arazo nagusia kreditu gabezia da", horrek "kontsumoari eragiten baitio".
Horren harira, Lujuak azpimarratu du ez dagoela jarduera ekonomikorik, eta ondorioz, ez dagoela kontsumorik, eta arrazoi hori dela eta, enpresak ixten ari direla.
Egoera hori salatze edo plazaratze aldera, patronalaren buruak iragarri du hilero, otsailetik aurrera, hilabetean itxi dituzten enpresen kopurua jakinaraziko duela.