Baldintzak
Espainiak ez du defizit helburua bete 2012an, EBren arabera
Erredakzioa
2013/01/22
Hori horrela, Espainiak ez du bete 2012ko uztailean bankuak erreskatatzeko jasotako diru-laguntzaren baldintzetako bat.
Europako Batzordeak uste du Espainiak ez duela 2012an defizita % 6,3tik behera uzteko helburua bete, gaur argitaratutako txosten batean iragarri duenez. Dena dela, ez dute datu ofizialik eman, eta horien zain geratu dira defizitaren datua baieztatzeko.
"Zerga sistema egonkortzeko prozesuak aurrera egin du hirugarren hiruhilekoan, baina 2012ko defizit helburua ziurrenik ez da beteko", adierazi du Europako Batzordeak bankuen erreskaterako diru-laguntza jasotzeko jarritako baldintzen bigarren azterketan.
Txostenean agertzen denez, Espainiako egoera ekonomikoak zaildu egin du 2011n Barne Produktu Gordinaren % 8,9ra iritsi zen defizita murriztea, nahiz eta Espainiako Gobernuak erreformak egin.
Europar Batasunarekin lotutako akordioaren arabera, Espainiak % 6,3an eduki beharko luke defizita 2012 amaieran, % 4,5ean 2013an, eta % 3tik behera 2014an, hori baita Europar Batasuneko Egonkortasunerako Itunak exijitzen duen defizit maila gorena.
Baina Espainian gora egin zuen defizitak, 2012ko lehenengo hiruhilekoan % 8,3koa baitzen, eta gero beste % 1 igo zen bankuak erreskatatzeko 10.000 milioi euroko diru-laguntza ere defizit gisa hartu dutelako.
Bruselak begi onez jo ditu erkidegoek defizita murrizteko egindako ahaleginak, 12.000 milioi euro aurreztu baitzituzten 2012ko lehenengo hiru hilabeteetan, baina erkidego batzuek mugak gaindituko dituztela ohartarazi du.
"Baliteke erkidegoek % 1,5eko defizit muga betetzea osotasunean, baina arriskua handia da eta erkidego batzuk ziurrenik ez dute helburua beteko", adierazi du Europako Batzordeak txostenean.
Era berean, BEZ zergaren igoerak, funtzionarioei Gabonetako aparteko soldata ez ordaintzeak edo 2012ko bigarren seihilekoan hartu diren bestelako neurriek ez dutela defizit helburua lortzea ahalbidetuko uste dute.