Itxi

Bilera lehendakariarekin

EH Bildu ez da Urkulluren 'konplize' izango murrizketa sozialetan

Erredakzioa

2013/02/11

"Hezkuntzan eta Osasunean murrizketak" egiten baditu ez dela "geldirik geratuko" eta ez dituela "onartuko" helaraziko dio koalizioak lehendakariari astearteko bileran.

Oskar Matute EH Bilduren ordezkaria, artxiboko irudi batean. Argazkia: EITB

Eusko Jaurlaritzak "oinarrizko zerbitzu publikoetan murrizketak" egiten baditu ez dela bere "konplizea" izango helaraziko dio EH Bilduk Iñigo Urkullu lehendakariari bihar egingo duten bileran.

Oskar Matute EH Bilduren ordezkariak Gasteizen emandako prentsaurreko batean azaldu duenez, "murrizketen eta gure herriarentzat atzerapausoak suposatzen duten erasoen aurrean planto egin beharra dagoela" adieraziko diote Urkulluri.

Horren harira, EH Bildu ez dela "geldirik geratuko" eta "hezkuntzako eta osasuneko murrizketak" ez dituela "onartuko" azpimarratu du.

Matuteren esanetan, "EAJren asmoa errealitatea mozorrotzea da, oinarrizko zerbitzu publikoetan murrizketak egiteko. Bide horretan EH Bildu ez da konplizea izango".

Era berean, Urkulluri "gatazkaren konponbidean eta erabakitzeko eskubidean urratsak" egiteko eskatuko diote. Horiek omen dira EH Bilduren "marra gorriak" aurrekontuak babesteko eta "herritarren eskubideak bermatzeko".