Itxi

Hiru eguneko protesta

Gipuzkoako zaharren egoitzak eta eguneko zentroak, greban

Erredakzioa

2013/02/27

ELA eta LABek deitu dute hiru eguneko greba (CCOOk eta UGTk gaur bakarrik babestu dute), eta horien arabera, % 93,2koa izan da jarraipena. Adegik dio langileen % 5ek egin duela greba.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Gaur hasi da ELA eta LAB sindikatuek Gipuzkoako zaharren egoitzetan eta eguneko zentroetan deitu duten hiru eguneko greba; eta langileen % 93,2k bat egin dute protestarekin, sindikatuen arabera, eta % 5ek, Adegiren esanetan.

Sindikatuek kontzentrazioa egin dute Donostiako Artzain Onaren plazan, eta bertan, Iñigo Zubeldia ELAren Gipuzkoako gizarte eta osasun alorreko arduradunak esan du % 98koa izan dela jarraipena Adegiren enpresetan.

Zubeldiak azaldu duenez, greba "arrakastatsua" izan da eta "zer pentsatua" eman beharko lioke patronalari, izan ere, Adegik ez omen du nahi sindikatuek eta Aldundiak babesten duten proposamena, "lan-erreforma ezartzea" saihestuko lukeen proposamena.

Adegik, bere aldetik, ez du ulertzen zergatik sortu den gatazka "alde guztiak ados badaude langileen baldintza ekonomikoak hobetu behar direla".

Adegik dio "gezurra" dela lan-hitzarmenik gabe soldatak murriztu egingo direla, eta soldatak Aldundiak ematen duen diruaren arabera eta "ez lan-erreformaren arabera" izango direla azpimarratu du.

Zerbitzu minimoak

Adostutako zerbitzu minimoen arabera, greba egun hauetan otordu guztiak emango dira, eta aisialdiko jarduerak eta dutxak ("terapiak agintzen ez duenean") ez dira egingo. Hala ere, Zubeldiak zehaztu du erabiltzaileen "duintasuna" zainduko dutela higiene alorrean.

CCOOk eta UGTk soilik gaurko greba eguna babestu dute, baina "onartezin" jo dute patronalak orain arte egin duen proposamen bakarra, eta lan-hitzarmen justua lortu arte mobilizatzen jarraituko dutela jakinarazi dute.

3.800 langile

ELAk eta LABek deitutako greba ostiralean amaituko da, eta 65 zaharren egoitzari, 55 eguneko zentrori eta subkontratatuta dauden 3.800 langileri eragingo die.