Zerga politika
ELA: '4.430 milioi gehiago bilduko lirateke, presio fiskala aldatuta'
Erredakzioa
2021/01/07
Europako batez bestekora parekatuta, posible litzateke Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako 1.200 milioiko murrizketari aurre egitea, Adolfo Muñozen arabera.
ELAk jakinarazi duenez, EAEko presio fiskala Europako batez bestekoaren mailara igota, posible litzateke Eusko Jaurlaritzak 2013rako aurreikusitako 1.200 milioi euroko murrizketari aurre egitea. Europar Batasunaren baitan presio fiskal baxuena duen herrialdeen artean dago Euskal Autonomia Erkidegoa, Europa ekialdeko herrialde batzuen atzetik.
Fiskalitateaz egindako txostenaren berri eman du gaur goizean ELA sindikatuak. Txosten horretan agerian gelditzen da zerga-ordainketan laneko errenten eta aktibitate ekonomikoaren artean dagoen aldea. Lehenengoek 7.279,8 euro gehiago deklaratu zuten batez beste 1999tik 2009ra bitartean, eta bigarrengoek 1.111,7 euro gehiago. "Hau da 10 urtean aktibitate ekonomikoak deklaratzen dituztenen iruzur kopurua hazi egin da", adierazi du ELAk.
"Txostenean irakur daitekeenez, posible da beste zerga politika bat", adierazi du Adolfo "Txiki" Muñoz ELAko idazkari nagusiak. Horren ustez, EAEko presio fiskala Europako batez bestekora moldatuta, posible litzateke 4.400 milioi euro gehiago biltzea, eta Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako 1.200 milioi euroko murrizketari aurre egitea.
"Obamak esan du aurrekontua % 2,3 jaitsita 750.000 lanpostu galduko direla AEBetan, eta gure politikariek diote aurrekontuan % 11,5eko murrizketak eginda enplegua sortuko dela. Hori sinesgaitza da", gaineratu du.
Otsaileko langabezia datuak ere izan ditu hizpide Adolfo Muñozek. "Lan eskubideetan murrizketak egotea saihestu nahi badugu, ezetz esan behar diegu gisa honetako politikei", esan du Adolfo Muñozek. Horren ustez, orain arte zerga politikaren gaineko erabakiak kapitalak hartu ditu. Horren aurrean enplegua babestea da alternatiba, Muñozen arabera.
Bestalde, datozen egunetarako ELAk deitu dituen mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du sindikatuko idazkari nagusiak. Eusko Jaurlaritzako aurrekontuen kontrako manifestazioa deitu dute larunbatean Gasteizen, eta martxoaren 16an enpleguaren aldeko beste manifestazio bat egingo dute Bilbon.