Itxi

EAEko aurrekontuak 2013

Eusko Jaurlaritzak 350 milioi euro bideratuko ditu AHTren lanetarako

Erredakzioa

2013/03/14

Iaz azpiegitura hori garatzeko gastatu zen diru kopuru bera da, nahiz eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren aurrekontua % 20 murriztu den.

Argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzak 350,68 milioi euro bideratuko ditu 2013an Abiadura Handiko Trenaren (AHT) lanak egiteko Gipuzkoan. Iaz azpiegitura hori garatzeko gastatu zen diru kopuru bera da, nahiz eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren aurrekontua % 20 murriztu den.

Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen proiektua ostegun honetan entregatu dute Eusko Legebiltzarrean. AHTren lanetarako diru partidak Lurralde Politika Saileko aurrekontuen % 59a hartuko du.

Hala, Eusko Jaurlaritzak iaz baino "ahalegin handiagoa" egin du azpiegitura hori bultzatzeko; izan ere, diru partida iazko bera bada ere, iaz sailaren aurrekontuaren % 47,7 jaten zuen.

Diru hori Bergara eta Astigarraga arteko zatiak egiteko erabiliko da. Bergara eta Ezkio-Itsaso arteko zatia egiteko 125,4 milioi bideratuko dira, Ezkio-Itsaso eta Tolosa tartea egiteko 77 milioi euro, eta Tolosa-Oiartzun zatirako 148,2 milioi euro.