Itxi

Enplegu plana

Confebaskek 'neurri sendoagoak' eskatu ditu ekonomia berpizteko

Erredakzioa

2013/03/18

Patronalarentzat "ona" da Eusko Jaurlaritzaren enplegu planak ekintzaileen lana sustatzea, baina "neurri sendoagoak" eskatu ditu.

Nuria Lopez de Gereñu Confebasken idazkari nagusia. Argazkia: Efe

Nuria Lopez de Gereñu Confebasken idazkari nagusiarentzat "ona" da Eusko Jaurlaritzaren enplegu planak ekintzaileen lana sustatzea, baina ekonomia berpizteko "neurri sendoagoak" behar direla azaldu du.

Lopez de Gereñuk Onda Vascan egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, "gertuko historian izan dugun krisi okerrena da" egungoa, bai iraupenagatik bai sakontasunagatik; izan ere, % 5,5 murriztu da Barne Produktu Gordina sei urtetan, eta industriaren jarduerak % 7,7 egin du behera 2012an, eta % 32 krisia hasi zenetik.

"Egia da otsaila ez dela horren txarra izan, baina enpresak itxi dituzte", azpimarratu du.

Gereñuk barne merkatua pizteko beharra azpimarratu du, izan ere, "aukerak eta eskumenak ditugu horretarako". Era berean, nazioarteratzea "ez ahazteko" deia egin du, orain arte Europar Batasunera mugatu dela eta hazkundean dauden herrialdeetara zabaldu beharko litzatekeela iritzita.

Bestalde, Confebasken idazkari nagusiak uste du sindikatuen "kezka" lan erreformarekin lan-hitzarmenetan "blokeorako gaitasuna" galdu dutelako sortu dela.