Agerraldia
Sindikatuak, krisitik ateratzeko neurriez hitz egiteko prest
Erredakzioa
2013/03/18
BGAEek dirua jartzearen aurka azaldu dira, baina sindikatu guztiak krisitik ateratzeko neurri orokorragoez hitz egiteko prest ere agertu dira.
Jaurlaritzak bihar onartuko du enpresa txiki eta ertainak eta autonomoen finantziazioa errazteko diru-funtsa. Lehendakariak atea zabalik utzi zien BGAEei, tartean Itzarri, eurek ere dirua jar zezaten diru-funtsa horretan.
Gaur, aurreneko aldiz, erakunde horietako sindikatuetako ordezkariek euren iritzia azaldu dute, Legebiltzarrean. BGAEek dirua jartzearen aurka azaldu dira, baina sindikatu guztiak krisitik ateratzeko neurri orokorragoez hitz egiteko prest ere agertu dira.
Gogoratu dutenez, langileen ekarpenek osatzen dituzte BGAEak. Ondorioz, "kezkaz" ikusten dute finantziazio funtserako dirua jarrita, horren gaineko kontrola "erabat" galtzea.
Jaurlaritzak gai horretan izan duen jarrerarekin oso kritiko agertu dira BGAEetan ordezkaritza duten sindikatu guztiak. ELA, LAB, CCOO, UGT eta SATSEko ordezkarien iritziz, Confebasken "eskariei" men egin die Urkulluren Gobernuak.
Sindikatuen ustez, erakunde finantzieroak dira bihar onartuko den finantziazio funts horretara ekarpenak egin behar dituztenak.
Enpresen finantziaketa diru publikoarekin egin behar dela uste dute sindikatuek eta finantza erakundeek kredituak eman behar dituztela.