Aurrekontuak 2013
Osoko zuzenketekin erantzun diote Urkulluren azken proposamenari
Erredakzioa
2013/04/17
Alderdi Popularraren balizko babesa ez litzateke nahikoa izango Aurrekontuak aurrera ateratzeko.
EH Bilduk eta PSE-EEk osoko zuzenketak aurkeztuta erantzun diote Iñigo Urkullu lehendakariaren azken proposamenari. Bi alderdien hitzetan, Urkulluren ekimena "berandu dator", eta aurrekontu proiektuak ibilbiderik ez duela izango salatu dute.
UPyDk ostiralean erregistratuko du osoko zuzenketa, aurrekontu proposamena desegokia eta etsigarria dela argudiatuta. Halaber, Eusko Jaurlaritzak ez ditu UPyDk egindako proposamenak kontuan hartu, eta hori ere aurkeztu du Gorka Maneirok Aurrekontuak ez onartzeko arrazoi gisa.
Apirilaren 26an eztabaidatuko dute aurrekontu proiektua Eusko Legebiltzarrean, eta aldaketarik ezean, atzera botako ditu oposizioak. Horrek lanean jarraitzera behartuko lituzke jeltzaleak.
PPren balizko babesa ere ez litzateke nahikoa izango Aurrekontuak aurrera ateratzeko; izan ere, jeltzaleek eta popularrek 37 boto bilduko lituzkete, eta EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk, 38.
EAJ baikor agertu da
EH Bilduk, PSE-EEk eta UPyDk osoko zuzenketak aurkeztuko badituzte ere, gutxieneko akordioa lortzeko aukerak ikusten ditu oraindik EAJk. Josune Gorospe arlo ekonomikoko EAJren bozeramailearen ustez, lehendakariaren azken proposamenak akordioa lortzea erraztuko du.
Apirilaren 26a bitartean, Aurrekontuak eztabaidatzen eta bozkatzen diren arte, "aukera guztiak irekita daude", gaineratu du.
Jeltzaleek 10 egun dituzte alderdien babesa lortzeko, eta jeltzaleak baikor agertu dira: "Euskadik aurrekontuak behar ditu, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu hori lortzeko".
Albisteak (4)
Informazio gehiago (1)