Maiatzaren 30ean izango da
Gehiengo sindikalak greba orokorra deitu du EAEn eta Nafarroan
Erredakzioa
2020/12/03
ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek lanuztea defendatu dute, "beharrezkoa, ezinbestekoa delako, nahikoa da! esateko". Maiatzaren 30ean izango da greba.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT) greba orokorra deitu du Hego Euskal Herrian, maiatzaren 30erako.
Adolfo Muñoz eta Ainoa Etxaide ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiak deialdiaren kartelarekin azaldu dira prentsaurrekoan. Greba orokorra "Eskubide sozial eta laboral duinak. Euskal Herria eredu propio baten alde" lelopean egingo dute.
Adierazpen bateratua irakurri dute. Lanuztea defendatu dute, "beharrezkoa, ezinbestekoa delako, nahikoa da! esateko, gobernu ezberdinetatik datozen gure eskubideen kontrako erasoen aurrean".
Muñozen hitzetan, "gobernuei erantzuteko saiakera bat" egin behar da, "gobernuek alternatibarik ez dagoela eta mobilizazioak ez dutela balio esaten dutelako".
"Gobernuak jota daude eta kapitalaren aginduetara jarraituko dute", esan du. Horrela, "mobilizazioa politikak aldatzeko bide bakarra da. Galtzaileen itxaropena defentsa kolektiboan dago", erantsi du Muñozek.
Agerraldi horretan, lanuzte orokorraz gain, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna sortzeko prozesu baten berri ere eman dute.
Lanuztearen deialdia gaur erabaki du Gune plataformak; ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuak eta beste 60 bat mugimendu sozial biltzen dituenak.
Plataforma horretako kideek, hain zuzen, CCOO eta UGT sindikatuei greba orokorrean parte hartzeko deia egin diete. CCOOk eta UGTk, hain zuzen, lanuzte orokorra deitu baino lehen negozioazio kolektiboa desblokeatzeko ahalegina egin behar dela iritzi diote.
Informazio gehiago (1)