Elkarrizketa
Protestak hauteskunde sindikalengatik egin dituztela uste du Darponek
Erredakzioa
2013/04/23
Osasun sailburuaren esanetan, Osakidetzan 160 liberatu sindikal baino gehiago daude, eta protesta horiek bakarrik eginda ere, "ospitalearen parean manifestazioa dagoela emango du".
Jon Darpon Osasun sailburuak datorren hilean izango diren hauteskunde sindikalekin lotu ditu Osakidetzan, Eusko Jaurlaritzak ezarritako lanaldiaren luzapena dela eta, egiten ari diren protestak.
Darponek Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, ez ditu protestak "gutxietsi" nahi, langileek egin behar duten esfortzua "ulertzen" duelako, baina hauteskunde sindikalek egoera "desitxuratzen" dutela iritzi dio.
"Sindikatuek aukera guztiak aprobetxatu nahi dituzte, horregatik da zailagoa hauteskundeen aurretik akordioak egitea", adierazi du sailburuak.
Darponek azaldu duenez, 160 liberatu sindikal baino gehiago daude Osakidetzan, eta protesta horiek bakarrik eginda ere, "ospitalearen parean manifestazioa dagoela emango du".
Lanaldiaren luzapena Osakidetzan nola ezarriko duten galdetuta, Darponek erantzun du oraindik aztertzen ari direla, osasunarekin lotutako lanak ezaugarri bereziak dituelako eta ezin delako formula bakarra erabili denentzat.
Aste honetan langileen ordezkariekin bilduko omen dira proposamen bat idazteko, eta horretarako, Osasun Sailak "malgutasuna" eskainiko duela hitzeman du.
Bestalde, izango diren murrizketek osasun arretan ez dutela eraginik izango eta ez direla nabariko azpimarratu du.