% 6,3tik %3ra
Bruselak babestu egin du defizitaren zuzenketa 2016a arte atzeratzea
Erredakzioa
2013/04/26
Aurtengo defizita % 6,3ra igo du Gobernuak, eta, aurreikuspenen arabera, 2016a arte ez da % 3ra jaitsiko. EBren hitzetan ''koherentea'' da, eta maiatzaren 29an emango dute azken erabakiaren berri.
Europako Batzordeak babestu egin du Espainiak defizitaren zuzenketa 2016a arte atzeratzea, ''egoera ekonomiko latza'' kontuan izanda bereziki. EBren hitzetan, erabakia ''koherentea'' da, egungo analisia oinarri hartuta.
''Defizit-muga BPGaren % 3ra jaisteko aurreikuspena 2016a arte atzeratzea koherentea da EBko zerbitzuek egindako azterketa teknikoa kontuan izanda'', adierazi du Olivier Bailly bozeramaileak, ohar batean.
Edonola ere, atzerapenari baimen ofiziala eman aurretik, Rajoyren murrizketa berriak aztertu nahi ditu Bruselak.
Azken erabakia maiatzaren 29an kaleratuko du Europako Batzordeak.