Apirileko datuak
2.794 langabe gutxiago, apirilean Hego Euskal Herrian
Erredakzioa
2013/05/06
Espainiar estatuan, langabezia jaitsi egin da apirilean, bigarren hilabetez jarraian. 4.989.193 langabe daude, guztira. De Guindosen arabera, ekonomiak beste norabide bat hartuko duen seinale da.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Apirilean, langabezia tasa jaitsi egin da EAEn. Zehazki, martxoan baino 752 lagun gutxiago daude lanik gabe; hau da, % 0,42 jaitsi da. Guztira, EAEn, 178.589 lagun daude langabezian, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren datuen arabera.
Iazko apirilarekin alderatuta, ordea, 16.693 langabe gehiago daude, hau da, % 10,31 gehiago.
Lurraldeka, Bizkaian jaitsi da gehien langabezia: 401 lagun (% 0,40); jarraian, Araba dago, 320 langabe gutxiago (% 1,12) baitzeuden apirilean, eta, azkenik, Gipuzkoan, 31 lagun gutxiago zeuden langabezian, hau da, % 0,06.
Nafarroan, 2.042 langabe gutxiago
Nafarroako langabeziak ere behera egin du apirilean, % 3,62 aurreko hilabetearekin alderatuta. Guztira, 54.444 langabe daude foru erkidegoan, Gizarte Segurantza eta Enplegu Ministerioaren datuen arabera.
Iazko hilabete berarekin alderatuta, langabezia tasa % 6,65 igo da, hau da, 3.529 lagun gehiago daude lanik gabe.
4.989.193 langabe daude Espainian
Espainiar estatuan, apirilean, bigarren hilabetez jarraian, langabezia jaitsi egin da, 46.050 langabe gutxiago erregistratu dira, eta hortaz, 4.989.193 langabe daude guztira.
2012ko apirilaz geroztik, 244.958 pertsona gehiago daude lanik gabe, hau da, langabezia % 5,16 hazi da.
Apirilean, langabeziak sektore guztietan egin du behera. Eraikuntzan 18.699 langabe gutxiago zenbatu dira, zerbitzuen atalean 18.407, nekazaritzan 8.030 eta industrian 4.704. Aurretik enplegurik ez zutenen artean, berriz, 3.790 langabe gehiago zenbatu dira.
Enplegu suntsiketa amaitzen ari dela uste du Jaurlaritzak
Juan Maria Aburto Jaurlaritzako Enplegu sailburuaren iritziz, apirileko datuek "enplegu suntsiketaren amaiera adierazten dute".
Orain dela hilabete batzuetatik, "enplegu suntsiketa gutxitzen" ari dela esan du sailburuak eta azken datu hauek "une latzenak" amaitzen ari direla berresten dute.
Gainera, 2013an lan-erregulazioko txostenak gutxitu egin direla azpimarratu du, eta ondorioz, "egoera ekonomikoa gogorra den arren, datuek baikortasun pixka bat" dakartela uste du.
Jaitsiera gehiago iragarri ditu de Guindosek.
Luis de Guindos Ekonomia ministroaren iritziz, apirileko langabeziaren datuak "positiboak" dira, eta "Espainiako ekonomiak beste norabide bat hartuko duen seinale da". Halaber, datuek hobetzen jarraituko dutela uste du.
"2013an norabide aldaketa bat gertatzen ari dela frogatzen dute datuek, eta 2014an hazkunde ekonomikoa izango dugu; enpleguari dagokionez, datu positiboak izango ditugu", esan du ministroak Jasangarritasunerako II. Foroan.
Albisteak (3)
Bideoak (1)