Itxi

Egonkortasun bila

Erakundeekin akordioak lortu nahi ditu Urkulluk, ekonomia berpizteko

Erredakzioa

2022/02/16

Erakundeekin bilduko da lehenik eta behin lehendakaria, eta ordezkari politikoekin, ondoren.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Iñigo Urkullu lehendakaria alderdi politikoetako eta erakundetako buruekin hitz egiten hasi da gaur goizean, bilerak egin eta Eusko Jaurlaritzaren egonkortasunerako itun bat adostea xede.

Hain zuzen ere, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten indar guztiekin, hiru aldundiekin eta Eudelekin jarri da harremanetan Urkullu, bi mahai sortu nahi baititu Ajuria Enean: lehenengoan hiru ahaldun nagusiekin eta Eudeleko presidentearekin eseriko litzateke, eta bigarrenean, aldiz, ordezkari politikoekin.

Asteazken honetan, arratsaldeko 16:00etatik aurrera, bilduko da lehendakaria ahaldun nagusiekin eta Eudelekin presidentearekin, EiTBk jakin izan duenez. Izan ere, Jaurlaritzatik azaldu dutenez, lehenik eta behin mahai instituzionala bildu nahi du Urkulluk, eta ondoren mahai politikoa.

Joan den astean azaldu zuenez, lehendakariak akordioa lortzeko "oinarri sendoa" egotea espero du, esfortzuak batu eta "ekonomia sustatzeko eta enplegua sortzeko". Lehendakariaren ustez, akordioa lortzea euskal gizarteak espero duen "konfianza seinalea" izango litzateke.

PROPOSAMENAK

Hori horrela, lehendakariak zerga sistema erreformatzea proposatuko du, tartean pertsona fisikoen eta elkarteen gaineko zergak erreformatzea.

Ordezkari politikoei eta instituzionalei mahai gainean jarriko dien beste proposamen bat 200 milioi euroko funts bat sortzea izango da, ekonomia sustatzeko, eta 40 milioi euroko beste bat, diru-laguntzarik gabe geratu diren langabeen, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dutenen eta gazteen artean enplegua sortzeko.

Halaber, EAEko sektore publikoa % 25 murrizteko plan bat eskainiko du.

ERAKUNDEEN INPLIKAZIOA

Eusko Jaurlaritzak ahalik eta akordio zabalenak lortu nahi ditu EAEko erakunde eta alderdi politikoekin, ekonomia berpizteko eta enplegua sortzeko, gaur Josu Erkoreka bozeramaileak adierazi duenez.

Horretarako, Jaurlaritzako bozeramaileak “inplikazioa” eskatu die Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako erakundeei.

Akordiorik lortu ezean, Jaurlaritzaren egonkortasuna ezezik, gobernagarritasuna “kolokan” dagoen galdetuta, Erkorekak erantzun du alderdi eta erakundeen akordioa baino ez dutela aurreikusten.