Itxi

Eustaten datuak

EAEko BPGak % 1,9 egin du behera urtebetean

Erredakzioa

2013/05/15

Aurreko urteko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, % 0,5 egin du behera.

EAEko BPGak % 1,9 egin du behera 2013ko lehen hiruhilekoan. Argazkia: EiTB

EAEko barne produktu gordinak % 1,9 egin du behera urtebetean, 2013ko lehen hiruhilekoko datuak iazko epe horretakoekin alderatuta, Eustat Euskal Estatistika Erakundeak gaur kaleratutako datuen arabera. Joan den urteko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, berriz, % 0,5 egin du behera.

EAEko urtebeteko tasa Espainiakoa (% 2) baino hamarren bat hobea da, eta lehen hiruhileko datua Estatuko batez bestekoaren parekoa da.

Barne produktu gordinaren beherakadak lanpostuak galtzea eragin du. Lanaldi osoko lanpostuak kontuan hartuta, enpleguaren urtebeteko indizea % 2,9koa izan da, eta hiruhileko batetik besterako galera % 0,7koa.

Lurraldez lurralde, barne produktu gordinaren urtebeteko indizeari erreparatuz gero, Gipuzkoan izan da beherakada handiena ( % 2,1), Arabaren ( % 2) eta Bizkaiaren ( % 1,7) aurretik. Hiruhileko arteko datuak kontuan hartuta ere, Gipuzkoako ekonomiak egin du behera gehien (% 0,6), Araban % 0,5 egin du atzera, eta Bizkaian % 0,3.