Itxi

Enpresaren eguna

Adegiren 'probokazioa' salatu dute M30erako deitu duen ekitaldiagatik

Erredakzioa

2013/05/27

Sindikatuek maiatzaren 30erako deitu duten greba orokorrak "Enpresaren Eguna"rekin bat egiten duela salatu dute. Zerbitzu minimoen kontra helegitea jarriko du LABek.

Greba deialdia. EFE

Maiatzaren 30eko greba orokorrak Adegik Luis de Guindos Ekonomia ministroarekin antolaturiko "Enpresaren Egunarekin" bat egiten duela salatu dute lanuztea deitu duten eragile sozialek eta sindikatuek.

Hala ere, Gipuzkoako enpresaburuekin ostegunean zuen hitzordua  bertan behera geratu da Adegik jakitera eman duenez.

Bestalde, Gune plataformak grebaren helburua azpimarratu du.

"Greba eguna ez da maiatzaren 31n amaituko. Ezarri nahi dizkiguten gizarte ereduen salaketatik harago, guk espero dugun eredu ekonomiko eta soziala eratzea lortuko dugu", adierazi dute.

Azkenik, greba deitu dutenek eredu ekonomiko eta sozial propioaren beharra aldarrikatu dute.

Zerbitzu minimoen kontra helegitea jarriko du LABek

Eusko Jaurlaritzak osteguneko grebari begira ezarritako zerbitzu minimoak ''gehiegizkoak'' direla salatu du astelehen honetan LAB sindikatuak, eta horien kontra helegitea jarriko duela aurreratu du.

Ohar baten bidez, LABek adierazi du grebak izango duen ''arrakasta estaltzea'' dutela helburu.

Hala, hezkuntza mailan zerbitzu minimoak ezartzea ''onartezina'' da, sindikatuaren hitzetan, hezkuntza oinarrizko eskubidea den arren ''egun batez greba egiteagatik ez baita eskubide hori urratzen''.

Gizarte zerbitzuetan ezarritakoak ''inoizko gehiegizkoenak'' direla salatu du LABek, eta, Osakidetzaren kasuan, Jaurlaritzak ezarritako neurriek ''oso nabarmen'' urratzen dute grebarako eskubidea, sindikatuaren hitzetan.