Defizita malgutu ondoren
Lan-erreforma, pentsioak eta BEZa berrikustea agindu du Bruselak
Redacción
2013/05/29
Espainiaren defizit-muga % 6,5era igotzea proposatu du Europako Batzordeak, baina neurrien egutegi zehatza ere ezarri du. Proposamenak iragarri aurretik Rajoyk esan du ez duela BEZa igo nahi.
Your browser doesn’t support HTML5 video
2013rako Espainiaren defizit-muga % 6,5era igotzea proposatu du Europako Batzordeak. Rajoyren Gobernuak eskatutako % 6,3ko muga baino bi hamarren gehiago dira (2.000 milioi euro inguru).
Gehiegizko desorekak direla-eta, Europako Batzordeak ez dio Espainiari zigor-espedienterik ireki, baina Gobernuak 2013 eta 2014 bitartean bideratu behar dituen neurrien egutegi zehatza ezarri dio. Bertan, pentsioen erreforma egitea eta lan-erreforma eta zerga sistema berrikustea eskatu dio Espainiari. BEZa igotzeko aukera ere mahai gainean jarri du Bruselak.
Hala, pentsio-sistemaren bideragarritasuna bermatuko duen araudia 2013a amaitu aurretik bukatzea eskatu dio EBk Espainiari, erretiroa hartzeko adina bizi-itxaropenarekin bat eginez atzeratzeko.
2014ko martxoa baino lehen, zerga sistemaren ''berrikusketa sistematikoa'' egitea ere eskatu dio, eta egun BEZ murriztua duten zenbait produkturen zenbatekoa % 10etik % 21era igotzeko aukera aztertzea.
Bestalde, ''ingurumen-zergen gainean ere neurri osagarriak hartu beharko ditu Espainiak, bereziki erregaien zergei dagokienez''.
Halaber, lan-erreformaren ebaluazioa uztailaren aurretik bukatzea agindu dio EBk Espainiari, iraila baino lehen balizko aldaketak aurkezteko.
2016ra arteko epea defizita zuzentzeko
Bruselak, halaber, defizita % 3tik behera jaisteko gehienezko epea 2016a arte luzatu dio Espainiari. Rajoyren Gobernuak 2012an eskatutako doikuntzak bete izana eta egoera ekonomikoak okerrera egin izana dira luzapen horren arrazoiak, Europako Batzordeak azpimarratu duenez.
"Espainiak egun bizi duen defizit egoerarekin bukatu behar du 2016a baino lehen'', adierazi du Europako Batzordeak bere gomendioetan. Bertan jasotzen duenez, honako defizit-muga bete beharko luke Espainiak ordura arte: % 6,5ekoa 2013an; % 5,8koa 2014an; % 4,2koa 2015ean; eta % 2,8koa 2016an.
Egonkortasun programan, hala ere, honako aurreikuspenak egin zituen Rajoyren Gobernuak: % 6,3koa 2013rako; % 5,5ekoa 2014rako; % 4,1ekoa 2015erako eta % 2,7koa 2016rako.
Bruselak egindako proposamenek, edonola ere, eurotaldearen eta Ecofinen onespena behar dute. Ekainean egingo dute bilera.
PFEZa jaitsiko duela eta BEZa igo nahi ez duela esan du Rajoyk
Mariano Rajoy Gobernuko presidenteak, bestalde, PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga jaitsiko duela adierazi du, baina ez du oraindik data zehatzik eman. Halaber, BEZa igo nahi ez duela ere aurreratu du.
EBk Espainiari zuzendutako neurriak iragarri baino minutu gutxi lehenago egin ditu adierazpen horiek Rajoyk, baina dagoeneko defizit eta zerga mailan zenbait neurri ezagutzen hasiak zirela.
Bidezko banaketa
Defizit helburu berrien banaketa "bidezkoa" izango dela iragarri du Cristobal Montoro Hazienda ministroak. Logikoena hamarren bat Estatuarentzako eta beste bat erkidegoentzako izatea dela erantsi du ministroak.
Montororen hitzetan, banaketa erabakitzeko "goiz" da oraindik, baina "irizpide objektiboak" erabiliko dituztela aurreratu du.
Ministroaren ahotan, Estatuari hamarren bat eta erkidegoei beste bat ematea ideia "logikoena" da. Hala ere, "erkidego autonomoen defizit publikoa zuzentzeko helburuak malgutuko ez" dituztela gaineratu du.
Albisteak (3)
Informazio gehiago (1)