CNMV
Diziplina neurriak 9 bankuri, lehentasunezko akzioak saltzeagatik
Erredakzioa
2013/05/29
Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren hitzetan, ez zituzten araurik ''zorrotzenak'' ezarri produktu horien salmentan.
Your browser doesn’t support HTML5 video
CNMV Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak diziplina neurriak ezarriko dizkie bederatzi finantza erakunderi, lehentasunezko akzioak eta mendeko ekarpenak saltzeagatik. Guztira 6.212 milioi euroko balioa izan zuten saldutako produktuek.
Hala iragarri du Elvira Rodriguez Balore Merkatuaren Batzorde Nazionaleko presidenteak Diputatuen Kongresuko batzordean egin duen agerraldian.
Rodriguezek azaldu duenez, neurri hauen asmoa ildo honetako arazorik berriz egon ez dadin diziplina ezartzea da. CNMVko ordezkariak gogoratu duenez, erakundeak ez du kalte horren ondorioz ordaina ematera behartzeko eskumenik, eta gaitasun hori auzitegien eta bitartekarien esku dago orain.
115.000 milioi euro
Rodriguezek azaldu duenez, 115.000 milioi euroko balioa duten emisioak egin zaizkie 3 milioi harpideduni. Emisio gehienak (ez guztiak) fidantza erakundeek egin dituzte.
Batzordean egin duen agerraldian azpimarratu duenez, nazionalizatutako Bankia, Catalunya Caixa eta Novacaixagalicia entitateetan izan dira arazorik handienak produktu hauekin.
Ondorioak
Gai ikertu ondoren, CNMVk hainbat ondorio aurkeztu ditu batzordean.
Hala, erakundearen arabera, operazioa komenigarria ez zela ohartarazi ondoren, ''bezero kopuru handi'' bati saldu zizkioten produktuak finantza erakundeek.
Halaber, erakundeek ez zituzten araurik ''zorrotzenak'' ezarri produktu horien salmentan, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren hitzetan. Zehazki, aholkularitza eta egokitasun galdeketak aipatu ditu CNMVk.
''Orokorrean, baina salbuespen garrantzitsuekin, erakundeak gai izan dira bezeroekin informatzeko obligazioa bete zutela egiaztatzeko'', gaineratu du Rodriguezek.
Azkenik, Balore Merkatuaren Batzorde Nazionaleko presidenteak gaineratu du ondorio hau bateragarria dela hainbat bezerok ahoz informazio kontrajarria jaso izana salatuz egindako adierazpenekin.
"Hala ere, CNMVk ez du kasu horietan benetan gertatu zena froga dezaketen elementurik'', gaineratu du.
Albisteak (1)