Itxi

Ministroen Kontseilua

Lan-erreformak 225.000 lanpostu suntsitzea ekidin du, Bañezen hitzetan

Erredakzioa

2013/08/02

Uztaileko datuekin pozik ez daudela esan du ministroak. Kotizazio partzialerako sistema berria eta ontzigintza sektoreari segurtasun juridikoa eskaintzeko erregimen osagarria onartu dute.

Indarrean sartu zenetik 225.000 lanpostu suntsitzea ekidin du lan-erreformak, Fatima Bañez Enplegu ministroak ostiral honetan, Ministroen Kontseiluaren ondoren, adierazi duenez.

Hala jasotzen du EBk eskatutakoari jarraituz Gobernuak egindako txostenak. Horren arabera, % 1eko eta %1,2ko hazkundearekin izango da Espainia enplegua sortzeko gai.

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak udazkenean egingo du txosten horren ebaluazioa, eta, azterketa horren ondoren aldaketarik egingo duten galdetuta, Bañezek esan du lan-erreforma eginda dagoela, eta, ondorioz, gutxieneko doikuntzak bakarrik egingo direla.

Langabeziak behera uztailean

Enplegu ministroaren hitzetan, Gobernua ez dago pozik uztailean langabeziak izan duen beherakadarekin, eta, ondorioz, erreformen agendan gogor lanean jarraituko dutela berretsi du.

Kotizazio partzialerako sistema berria

Halaber, ordaindutakoaren araberako pentsioa jasotzeko kotizazio partzialerako sistema berria arautzen duen dekretua onartu du Gobernuak.

Horren arabera, langile horiek pentsioa jaso ahal izango dute gutxienez 15 urtez kotizatu gabe, baina jasotako pentsio hori baxuagoa izango da. Izan ere, langile horiei gainontzeko langileen gutxieneko pentsioa bermatzen die arau berriak, eta kotizatutako urteekin biderkatzeko  1,5eako koefizientea ezartzen du.

Ontzigintzarako erregimen osagarria

Bestalde, ontzigintza sektoreak jasotako diru-laguntzak itzultzeko EBk hartutako erabakiaren aurrean, Gobernuak erregimen osagarria onartu du ostiral honetan, sektoreari segurtasun juridikoa emateko.

Soraya Saez de Santamaria presidenteordeak azaldu duenez, erregimen horren helburua Bruselak hartutako erabakiarekin bateragarri diren alde guztiak argitzea izango du helburu, eta ''Gobernuak erabakiko du bateragarritasun hori''.

Presidenteordeak azaldu duenez, Ogasun Ministerioa lanean da gai honetan bateraezintasuna ezartzeko metodologia egokia zein den zehazteko, eta EBren erabakiaren kontra helegitea prestatzen ari da.

Tren istripuak

Ministroen Kontseiluak Estatu mailan tren istripuen biktimei laguntza eskaintzeko araudi berria ere onartu du, biktimei ''laguntza osoa'' eskaini eta hegazkin istripuetako biktimekin parekatzeko.

6,5eko nota, bekak lortzeko

Halaber, unibertsitateetako lehen ikasturtean diru-laguntza eskuratu ahal izateko gutxieneko nota puntu bat igo dute, eta, aurrerantzean, 6,5eakoa izango da.

Matrikula ordaintzeko laguntza eskuratzeko gutxieneko nota, berriz, 5,5 izango da.