Gehienezko muga
Defizitaren afera iraila arte atzeratu dute Jaurlaritzak eta Gobernuak
Erredakzioa
2013/08/02
Ogasun Ministerioak % 1,2ko muga ezarri dio Euskadiri 2013rako, baina Jaurlaritzak % 1,3ra igo nahi du.
Eusko Jaurlaritzak eta Gobernu zentralak ez dute lortu defizit-mugaren inguruko akordiorik, eta, ondorioz, iraila arte atzeratu dituzte negoziazioak, Jaurlaritzako iturriek jakitera eman dutenez.
Joan den asteazkenean bilera egin zuen Politika Fiskaleko Batzordeak, erkidegoetako defizit-muga ezartzeko. Bileraren ondoren, Ogasun Ministerioak iragarri zuen Euskadiko defizit-muga % 1,2an ezarriko zutela.
Hala ere, Jaurlaritzak Gobernuaren negoziatzen jarraitu du, zenbateko hori % 1,3ra igotzeko. Igoera horri esker, 70 milioi euro gehiago gastatzeko aukera izango luke.
Edonola ere, Jaurlaritzako iturriek azaldu dute oraingoz ez dagoela akordiorik, eta irailean ekingo dietela berriz ''negoziazioei''.
Euskadiko PPrentzat "arrazoizkoa da erabat'' % 1,2ko muga
Iñaki Oyarzabal Euskadiko PPko idazkari nagusiaren hitzetan, ''arrazoizkoa da erabat'' EAEko defizit-muga % 1,2an ezartzea. Halaber, Euskadi gehiago zorpetu nahi izateko arrazoia zein den galdetu dio Jaurlaritzari.
Ildo horretan, joan den asteazkeneko bilerara joan ez eta azken asteotan ''non'' egon diren galdetu die Urkulluren Exekutiboko kideei. ''Gero kexu dira, baina ez doaz bertara Euskadiko herritarren interesak defendatzera'', gaineratu du.
PSE-EEren eskaera
Bestalde, defizit-muga igotzeak utziko lukeen malgutasuna jarduera ekonomikoa bultzatzeko politikei, berrikuntza eta garapena sustatzeari eta zerbitzu publikoak babesteari bideratzea eskatu du Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak.