Itxi

Pentsioen erreforma

Pentsioak urtero gutxienez % 0,25 igotzea proposatu du Gobernuak

Erredakzioa

2013/09/02

Gehienezko muga ere ezarriko dute: KPI + % 0,25. Pentsioen igoera arautzeko indize berria 2014an jarriko dute indarrean, eta 2019an, berriz, jasangarritasun eragilea.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Pentsioen igoera arautzeko sistema berria proposatu du astelehen honetan Fatima Bañez Enplegu eta Gizarte Segurantzako ministroak. Inflazioaz gain, sistemaren diru-sarrerak eta gastuak eta defizita eta superabita aintzat hartuko ditu, eta gutxienezko eta gehienezko igoera ere arautuko ditu.

Hala, indize berriarekin, urtero gutxienez % 0,25 igoko dira pentsioak. Gehienezko muga ere ezarriko du: KPI Kontsumoko Prezioen Indizea + % 0,25. Sistema berri hau 2014an jarriko da indarrean.

Ordezkapen efektua

Pentsioen igoera arautzeko formula berriak, aurreko parametroez gain, ''ordezkapen efektua'' ere izango du kontuan: sisteman sartzen diren pentsiodun berri kopurua, sistematik irteten direnekin alderatuta.

Bañezek azaldu duenez, ''egoera ekonomikoa edozein izanda ere'', formula horrekin egungo zein etorkizuneko inongo pentsiodunek ez du bere pentsioan murrizketarik jasango. Ministroaren hitzetan, formulak ''konfiantza eta lasaitasuna'' ekarriko die, eta ''ziklo baxuetan neurri zorrotzak hartu behar izatea ekidingo du''.

Jasangarritasun eragilea, 2019rako

Pentsioen zenbatekoa bizi-itxaropenera egokitzeko proposamena, berriz, 2019ra arte atzeratuko du Gobernuak, Bañezek aurreratu duenez. Edonola ere, ministroak berretsi du jasangarritasun faktorea behin bakarrik aplikatuko dutela pentsio berrietan, 2019tik aurrera erretiroa hartzen duten pentsiodun berrien lehen ordainketan.

Bañezen hitzetan, formula orekatua da, ''belaunaldien arteko elkartasuna'' bermatzen duena. Halaber, bost urterik behin berrikusiko dutela aurreratu du, bizi-itxaropenak gora ala behera egin ahala.

Ministroak ukatu egin du Gobernuak eredu pribatua zabaldu nahi izatea, eta pentsioen sistema publikoari eutsiko diotela azpimarratu du.

Negoziazioa konplexua eta zaila izango dela aurreikusi dute sindikatuek

UGT eta CCOO sindikatuetako Gizarte Segurantzako arduradunen hitzetan, pentsioen erreformaren negoziazioa ''konplexua eta zaila'' izango da. Halaber, Gobernuaren proposamenarekin pentsiodunek erosteko ahalmena galduko dutela aurreikusi dute.

Erreforma elkarrizketa sozialaren emaitza izatea eskatu du patronalak

Patronalak, bestalde, pentsioen erreforma agente sozial guztien adostasunarekin egin behar dela esan du, ''krisi garai hauetan balio erantsia emateko''.