Itxi

Diputatuen Kongresua

'Irteera begiztatzen da krisialdiaren tunelean', esan du Montorok

Erredakzioa

2013/10/22

Ministroaren esanetan, bigarren hiruhilekoa atzeraldiaren azkena izan da. Hazienda ministroaren diskurtsoa "etsigarria", "irreala" eta "triunfalista" dela kritikatu dute oposizioko taldeek.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Cristobal Montoro Ogasun eta Administrazio Publikoetako ministroaren arabera, "tunelaren irteeran argia dago, eta Espainiako krisialdiaren tunelaren irteera begiztatzen da jada"; izan ere, 2013ko bigarren hiruhilekoa atzeraldiaren azkena izan dela nabarmendu du.

2014rako Estatuko Aurrekontu Orokorren eztabaidaren hasierako hitzaldian egin ditu adierazpenok Montorok, Diputatuen Kongresuan. Halaber, ministroaren esanetan, 2013ko bigarren hiruhilekoa atzeraldiaren azkena izan da, eta Barne Produktu Gordinaren datuek iragarpen hori baieztatuko dutela gaineratu du.

Ogasuneko buruaren hitzetan, atzeraldia amaitu egin da, behinik behin "teknikoki eta jarduera ekonomikoaren eboluzioa aztertuta", baina onartu egin du enplegua sortzeko gutxieneko hazkundea izan behar dela. Halaber, "gizarte espainiarrak egindako ahaleginari esker" ari da krisialdia amaitzen, horren arabera, eta ahalegin hori txalotu egin du.

Ministroaren hitzetan, 2014an hazkunde ekonomikoa, enplegua eta gehien behar dutenei (pentsiodunei eta langabeei, esaterako) erakutsi beharreko elkartasuna izango dira nagusi. "Eztabaidaren" ardatza "zenbat haziko garen izan behar da".

Ministroaren hitzetan, 2014an hazkunde ekonomikoa, enplegua eta elkartasuna (gehien behar dutenei, pentsiodunei eta langabeei esaterako, erakutsi beharreko elkartasuna) funtsezkoak izango dira. "Eztabaidaren ardatza zenbat haziko garen izan behar da", esan du.

Aurrekontuei dagokienez, doitasuna, oreka eta aurrekontuen egonkortasuna izan behar dute helburu, nabarmendu du.

Oposizioaren erantzuna

Hazienda ministroaren diskurtsoa "etsigarria", "irreala" eta "triunfalista" dela kritikatu dute oposizioko taldeek. Ondorioz, osoko hamaika zuzenketak mantenduko dituzte.

"Susperraldiaren hitzaldiari ongietorria egin dio" Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko buruzagiak, baina espainiar askorentzako "txarrena heltzear" dagoela gaineratu du, eta bekadunak, gaixo kronikoak eta pentsiodunak jarri ditu adibidetzat.

"Asko jota" atzeraldia bukatu dela onartu du Rubalcabak, baina "krisia bukatu" ez dela argi utzi du sozialistak.

Bestalde, ministroari sei milioi langabeak aipatzea ahaztu zaiola kritikatu du Pedro Azpiazu EAJko diputatuak. Montororen hitzaldia "faltsua eta irreala" da, Azpiazuren hitzetan. Ministroak Espainiaren irudi "baikorregia eta funsgabea" eman du, jeltzalearen esanetan.

Egoera sozial eta ekonomikoari bizkarra emanda egindako aurrekontuak direla salatu du Rafael Larreina Amaiurreko diputatuak. Euskal gizarteari eredu neoliberala inposatu nahi izatea deitoratu du. Horregatik, marko propio bat garatzeko beharra berretsi du Larreinak.