Krisia MCC-n
Aste erabakigarria biziko dute Fagor Etxetresnaken
Erredakzioa
2022/11/02
Aurreko ostegunean, zazpi eta hamar arteko eguneko epea eman dio bere buruari enpresak behar dituen 170 milioiak lortzeko eta, lortu ezean, hartzekodunen konkurtsoan sartuko da, ezinbestean.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Aste erabakiagarrian sartuko da Fagor Etxetresnak enpresa. Enpresak zazpi eta hamar arteko eguneko epea eman dio bere buruari aurrera egiteko beharko lukeen finantzaketa lortzeko.
Hori gertatu ezean, hartzekodunen konkurtsoan sartuko da, ezinbestean. Bitartean, Mondragon Taldea (MCC) eta Jaurlaritza Fagorreko krisiak izan lezakeen eraginari nola aurre egin aztertzen ari dira.
170 milioi behar du Fagorrek aurrera egiteko, eta ez du modurik ikusten diru hori lortzeko. MCCk berak ezezkoa eman dio, eta ia ezinezkoa ikusten dute orain enpresa dagoen egoeran inork dirutza hori inbertitzea.
Hortaz, Fagorreko zuzendaritzaren esanetan, dirua lortzeko lanean jarraituko dute, baina, ziurrenik, hartzekodunen konkurtsoan sartuko da 7-10 eguneko epean, berez, prozesu honetan egon daitekeen lau hilabateak agortu gabe.
Bazkide, langile, erosle... zain egongo dira, egoera honetan dagoen enpresa askoz merkeagoa izango da hartzekodunen konkurtsoan sartzen denean, eta pentsatzekoa da sektoreko enpresa handiak zein txikiak Fagor enkantera noiz aterako zain egongo direla.
Xabier Bengoetxea Fagor Etxetresneko Kontseilu Errektoreko presidentearen esanetan, "zorra berriz finantzatzea lortzeko lanean" jarraitzen dute, baina, "epe laburrean" dirua lortzen ez badute, ez dute baztertzen aurrekonkurtso egoera bukatu baino lehen eskatzea konkurtsoa.
Euskal kooperatibarik gaur adierazi dutenez, "momentuz, ez dago ezer" berririk eta "oso zaila" izango da epe laburrean behar besteko finantzaketa lortzea, enpresak "ezin duelako horrela, instalazio guztien ekoizpena etenda, egun asko gehiago iraun".
Kooperatiba zenbait lehiakide eta funtsekin harremanetan da, baina "oso zaila" izango dela azpimarratu du; desegiterako lehenengo pausoa eman zuen beste egunean, Donostiako Merkatariza-arloko 1 zenbakiko Auzitegian Polonian duen Fagor Mastercook enpresa hartzekodunen konkurtsoan sartzeko eskaria egin baitzuen.
Itxialdia Basaurin
Edesako langileek itxialdi mugagabe bat hasiko dute datorren asteartean Basaurin Fagor Etxetresnak taldeari "konponbideak" eskatzeko, langileek jakinarazi dutenez. Etxola bat jarriko dute, eta bertan itxialdia egingo dute 10 langilek osatutako txandekin.
Basauriko Edesako lantegiak 200 behargin ditu. Langileen hitzetan, "negozioa bideragarria da, eta ixtea erokeria bat da". Izan ere, aste honetan bertan eskariak jaso dituztela nabarmendu dute.
Aurrezkiak jaso nahian
Fagor Elektrotresnak hartzekodunen konkurtsoan sartzeko aukerak are ezkorrago egotera bultzatzen ditu bazkideak, bazkide ohiak eta senideak, "oso zail" ikusten baitute euskal kooperatiban sartutako dirua berreskuratzea.
Zehatz mehatz, Ordaindu kaltedunen elkarteak ziurtatu duenez, Fagor Etxetresnak "45 milioi borondatezko ekarpenetan eta beste 42 kapital sozialeko maileguetan ditu atxikita", eta enpresak itzuli beharko dizkie bazkideek eskatzen dituztenean.
Alabaina, konpainiaren krisialdi egoerak 'oso zail' egiten du dirua berreskuratzea; orain, lan barik geratzeaz gain, bizitza osoko aurrezkiak gal litzakete bazkideek.
Isidro Sanchez Ordainduren bozeramalearen hitzetan, egoera oso konplexua da, enpresa likidazio prozesu batean sartzen bada, araudiak hartzekodunen artean lehentasunak ezartzen dituelako, eta "bankuak eta erakundeak" lehengo postuetan egongo direla eta, hortaz, dirua agortuko dela uste dute.
Albisteak (7)
- Fagorreko langileek itxialdi mugagabea egingo dute Basauriko lantegian
- Fagorreko bazkideek 'oso zail' ikusten dute aurrezkiak berreskuratzea
- 7-10 eguneko epea jarri du Fagorrek finantzaketa lortzeko
Informazio gehiago (1)