Itxi

Fagor Etxetresnak

Fagorrek gaur bertan aterako du Edesa hartzekodunen aurrekonkurtsotik

Erredakzioa

2013/11/07

Langileek Basauriko lantegia lehenbailehen irekitzea espero dutela adierazi dute.

Fagor Etxetresnakek gaur bertan aterako du Edesa konpainia hartzekodunen aurrekonkurtsotik, eta, beraz, ez du hasiko Basauriko lantegiaren likidazio prozesua, Sergio Treviño kooperatibaren zuzendari nagusiak Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiari baieztatu dionez.

Atzo, ahaldun nagusiak 3 milioi euroko laguntza iragarri zuen, Edesak lanean jarri dezan.

Gaur goizean, Treviñok Bilbaori deitu dio, eta erabakia "dagoeneko" hartu dutela jakinarazi dio: gaur bertan aterako dute Edesa aurrekonkurtsotik.

Langileek lantegia aurki irekitzea espero dute

Bestalde, Edesako langileek lantegia aurki irekitzea espero dutela adierazi dute.

Horien esanetan, ahaldun nagusiak, Andoni Busquet Basauriko alkateak eta Kontseilu Errektoreko ordezkari batek baieztatu egin diete lantegia berriz martxan jarriko dutela, baina ez diete datarik zehaztu.

Gaur bertan, langileak Fagorren Kontseilu Sozialarekin bilduko dira, eta, orduan, informazio gehiago jasoko dute.

Fagor Etxetresnaken egoera, berriz, oso bestelakoa da, ostiral honetan sartuko baita hartzekodunen konkurtsoan, likidazio prozesua abiatzeko.