Itxi

EAE

Kreditutan 800 milioi euro ematea adostu du Kutxabankek patronalekin

Erredakzioa

2013/12/11

Gipuzkoako enpresentzat, 300 milioi; Arabakoentzat, 150; eta Bizkaikoentzat, 400. Lehiakor izaten jarraitzeko eta enplegua sustatzeko neurriak direla azpimarratu dute.

Adegiko eta Kutxabankeko buruak, akordioa sinatzen. Argazkia: Efe

800 milioi euro utziko ditu guztira Kutxabankek Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen esku, finantza erakundeak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalek akordioa egin ostean.

Joan zen astean SEA Arabako enpresaburuen elkartearekin egin bezala, orain Adegi Gipuzkoako enpresarien elkartearekin sinatu du akordioa Kutxabankek, Gipuzkoako enpresei finantzaketa errazago bideratu ahal izateko.

Gipuzkoako enpresek 300 milioi euroko finantzabidea izango dute, horrela, lehiakor izaten jarraitzeko eta enplegua babesteko, Pello Guibelalde Adegiko presidentearen esanetan.

Guibelaldek azaldu duenez, estu eta larri dago Gipuzkoako makina bat enpresa: lantegien erdiek dirua galtzen dute, interesak Alemaniakoek baino askoz garestiago dituzte, eta ezin dute dirurik lortu. Egoera horren aurrean, garrantzitsua da Kutxabankekin egindako akordioa, Jose Miguel Ayerza Adegiren bozeramailearen arabera.

Denera, 800 milioi inguruko finantzabidea jarriko du urtebeterako Kutxabankek: Gipuzkoako enpresentzat, 300 milioi; Arabakoentzat, 150; eta Bizkaikoentzat, 400.