Lan gatazka
CCOOk % 75eko jarraipena zenbatu du Euskaltelen bigarren greba egunean
Erredakzioa
2013/12/17
Langileek konpainiako lehen greba abiatu dute, balizko kaleratzeak salatzeko.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Euskalteleko 550 langileek bigarren greba eguna dute gaur, balizko kaleratzeen aurka, CCOO eta ELA sindikatuek deituta.
Javier Cobos CCOOko kidearen esanetan, gaur "langile gehiago" joan da lanera, baina, hala ere, grebaren jarraipena oso handia da, "% 75ekoa". "Sentsazioa oso ona da, oso pozik gaude langileen erantzunarekin". Atzo, jarraipena % 85-90ekoa izan zen.
10:30ean, Euskalteleko langileek manifestazioa egin dute, autoetan igota, Zamudioko Teknologia Parkean, bertan dagoelako konpainiaren egoitza nagusia.
Atzo, Mario Fernandez Kutxabankeko presidenteak ukatu egin zuen Euskaltelen desinbertitzeko asmorik dutela, eta "iraunkortasun planak" ez duela lanpostuak galtzea ekarriko gaineratu zuen.
CCOOk hori "betiko diskurtsoa" dela salatu du, eta berretsi egin du Kutxabankek Euskaltelen duen parte-hartzea (% 49,9) saldu egin nahi duela.
"Kutxabankek dirua azkar irabazi nahi du, eta denok dakigu zertara etorri diren inbertsio funtsak", deitoratu du Cobosek.
Egun, Kutxabankek Euskaltelen % 49,9 du, Trilantic eta Investindustrial inbertsio funtsek % 48,1, eta Iberdrolak % 2.
Eguerdian, langileek elkarretaratzea egingo dute Zamudion, Euskaltelen egoitzaren aurrean, administrazio kontseilua biltzekoa baita bertan.
Bideoak (1)