Enkante elektrikoa
Argindarraren gatazkak Espainiaren irudia kaltetzen du, EAJren arabera
Erredakzioa
2013/12/21
"Estatuaren irudiarentzat benetan kaltegarria da. Bata bestearen atzetik ari dira egiten", adierazi du Aitor Esteban diputatu jeltzaleak.
Aitor Esteban EAJren Kongresuko bozeramaileak uste du Espainiako Estatuan enkante elektrikoaren inguruan sortu den gatazkak kalte egingo diola Espainiaren irudiari eta "erridikulutik gertu" kokatzen dela. "Estatuaren irudiarentzat benetan kaltegarria da. Bata bestearen atzetik ari dira egiten", gaineratu du.
Estebanek Bilbon egin ditu adierazpenok, Pedro Azpiazu diputatuarekin eta Arantza Tapia Ekonomia Garapenerako sailburuarekin batera Sabin Etxean emandako prentsaurreko batean.
Aitor Estebanen arabera, enkantearen "prozesua arraroa izan da, zeren garestitzea adostua edo nahita eragindakoa izan dela frogatzen bada, eta horren zantzuak daudela esan dute, oso larria izango litzateke". Hala ere, "erabakia hartzeko atzeman dituzten zantzuak zeintzuk diren" ez dakitela gogorarazi du.
Akordio energia alorrean
EAEko industriak 50 milioi euro aurreztuko ditu argindar fakturetan, Arantza Tapia Ekonomia Garapenerako sailburuak jakitera eman duenez. Espainiako Gobernuak eta EAJk lortu duten akordioari esker omen da hori. Akordioaren arabera, datozen bi urteetan erdira jaitsiko zaie argindar tarifa EAEko enpresei.
Tapiak azaldu duenez, PPk bultzatutako energia erreformari buruzko legearekin ados ez izan arren, alde bozkatu zuten, EAEko ekonomian eragin zitzakeen kalteak leuntzea lortu zutelako.
Eusko Jaurlaritzaren iritziz ere ez da egokia energia erreformari buruzko legea. Dena den, talde jeltzalearen eta PPren arteko akordioak euskal enpresa gehienen lehiakortasunari arnasa eman eta argindar tarifan 50 milioi euro aurreztea bideratzen duela nabarmendu du Arantza Tapiak.
Tapia sailburuak zehaztu duenez, gainera, akordioari esker, Teknaliaren energia laborategia eta Armintzako itsaso energia planta lotuta izango dira Espainiako sare elektrikoarekin.