Galerak Eroskin
Eroskiren bazkideek galeren zati bat euren gain hartuko dute
Erredakzioa
2014/04/08
Kontseilu Errektoreko proposamenari oniritzia eman diote, horrenbestez, langileek. Alegia, galeren %30 euren gain hartzea.
Your browser doesn’t support HTML5 video
Eroskiko Kontseilu Errektoreak egindako proposamena babestu dute kooperatibaren bazkideen % 80k eta, horrenbestez, enpresak 2013an izandako galeren % 30 euren gain hartuko dituzte, talde kooperatibistaren iturriek jakinarazi dutenez. Behin betiko erabakia maiatzean egingo den 2014ko Batzar Nagusian hartuko dute, dena dela.
Joan den astea zuten bozkatzeko Eroskiko 8.500 bazkideek. Kontseilu Errektoreak proposamena egin zien, galeren % 30 kooperatiben gain geratzea eta, gainerakoa, erreserbetatik hartzea. Lehen aldia da galeren zati bat bazkideen lepo doana.
Bazkideek ia aho batez onartu dute Kontseiluaren proposamena, eta babes "zabal" hori nabarmendu nahi izan dute Eroskiko iturriek, "erantzun oso ona eta kultura kooperatiboaren egonkortasuna berretsi" dela ulertuta.
Ohikoa den moduan, bazkideei "zuzenean" galdetuta egin dute kontsulta.
Kontseilu Errektorearen proposamena oinarri hartuta, emaitzen banaketa zelan egingo den erabakitzen du urtero Eroskiko Batzar Orokorrak. Azken 10 urteotan etekinak bakarrik banatu dituzte : % 60 erreserbara eta % 10 gizarte-ekintzara bideratzen zuten. Gainerakoa, % 30, bazkideen esku geratzen zen.
Bazkide bakoitzak bere gain hartuko du galeren %30
Hala, bazkideek adostutako proposamen horren arabera "Banakako Erreserba Negatiboa" eratuko dute. Hau da, bazkide bakoitzaren kontutik ezberdindua egongo den beste kontu bat. Datozen bost urteetan enpresak etekinik badu, kendutakoekin konpentsatuko dute.
Eroskiko zuzendaritzatik gogorarazi dutenez, etekinak ere halatsu banatu dituzte orain arte, eta beraz, galerekin berdin jokatuta, "koherente" izan dira bazkideak.
Zuzendaritzak eskainitako datuen arabera, Eroskik etekin gehien izan zituen urtean, 2006an, bederatzi hileko soldaten pare jaso zuten euren ohiko kontuan.
121 milioiko galerak 2012an
Eroski taldeak 121 milioiko galerak izan zituen 2012an (60 milioi Eroski S.Coop.i dagozkio). 2011n, 43,01 milioi galdu zituen taldeak.
Salmenten galerari aurre egiteko hainbat ekimen abiatu ditu konpainiak, krisia abiatu zenetik.
Abendu hasieran, bankuek bere plan estrategikoa babestea eta zorra birfinantzatzea lortu zuen Eroskik. Azken bost urteetan pasiboa 1.200 milioi eurotan murrizketa erdietsi du kooperatibak.
Albisteak (4)