Itxi

Enplegua

6.797 langabe gehiago EAEn urtarrilean eta 1.675 Nafarroan

Erredakzioa

2014/03/26

Estatu espainiarrean, oro har, 113.097 langabe gehiago zenbatu dituzte urtarrilean, eta, horrela, 4.814.435 langabe daude guztira.

Your browser doesn’t support HTML5 video

6.797 langabe gehiago zenbatu dituzte EAEn urtarrilean, eta, horrela, langabe kopurua 174.171ra igo da. Nafarroan, halaber, 1.675 langabe gehiago zenbatu dituzte, eta 53.163ra iritsi dira; halere, 2.434 langabe gutxiago daude, iazko datuekin alderatuta.

Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioak zabaldutako datuen arabera, eta abenduko datuekin alderatuta, urtarrilean % 4,06 hazi da langabezia EAEn. Extremaduran bakarrik hazi da gurean baino gehiago (% 5,23). 2013ko hilabete bereko datuekin alderatuta, baina, 1.110 langabe gutxiago zenbatu dituzte. Nafarroako 53.163 langabeetatik, 25.867 gizonezkoak dira eta 27.296 emakumezkoak.

Estatu espainiarrean, oro har, 113.097 langabe gehiago zenbatu dituzte urtarrilean; horrela, 4.814.435 langabe daude guztira.

Ministerioak jakinarazi duenez, urtarrilean abenduan baino 3.097 pertsona gutxiago zenbatu dituzte langabezian; azken sei hilabeteetako beheranzko joerari eutsi zaio beraz. 2013ko urtarrileko beherakada, baina, 166.343 pertsonakoa izan zen.

'Datu hobea'

Engracia Hidalgo Enpleguko Estatu-idazkariak nabarmendu duenez, urtarrilean argitaratutako langabezia datuek "nabarmen hobera" egin dute, aurreko urteetakoekin alderatuta, eta positibotzat jo du azken hilabeteetan izandako "hoberanzko joera" mantentzea.

Langabeziaren eta Gizarte Segurantzan afiliatutakoen inguruko azken datuak emateko eskainitako prentsaurrekoan, Hidalgok azpimarratu du urtarrilean 2007tik izandako igoeratik txikiena izan dela, eta, aurreko urteetan bezala, datuok hobera egin dutela.