Itxi

Balorazioa

Langabeziaren igoera 'aurreikusteko modukoa' zela esan du Jaurlaritzak

Erredakzioa

2014/03/26

Erkorekak azaldu duenez, datozen hilabeteetako adierazleak, batik bat otsailekoak eta martxokoak, izango dira "balio kualitatibo gehiago" izango dutenak langabeziaren norabidea ebaluatzeko.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozermailea prentsaurrekoan. Foto: EiTB

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azaldu duenez, urtarrilean izandako langabeziaren igoera "aurreikusteko modukoa" zen Gabonetako kontratuen amaiera dela eta. Halaber, langabeziaren benetako bilakaera ezagutzeko, datozen hilabeteei itxaron beharko zaiela nabarmendu du.

Gobernu Kontseiluaren ostean egindako prentsaurrekoan, Erkorekak esan du urtarrilean langabeziak izan ohi duen igoerak "azalpen logikoa eta koherentea" duela: pertsona askok Gabonetako kanpainagatik lortutako lanpostuak galtzen dituzte.

Autonomia erkidego guztietako datuak ikusita, eta abenduko datuekin alderatuta, Euskadin izan da urtarrilean langabeziaren igoerarik handiena (% 4,06), Extremaduran bakarrik izan baita datu okerragoa (% 5,23).

EAEko enplegu bulegoetan erregistratutako langabe kopuruak gora egin du, aurreko hilabeteko datuekin alderatuta; 6.797 pertsona gehiago zenbatu dituzte langabezian, eta  174.171 dira guztira. Nolanahi ere, 2013ko urtarrilean baino 1.110 langabe gutxiago dira.

Bozeramaileak azaldu duenez, Juan Maria Aburto Enplegu sailburuak abenduan 7.000 langabe gutxiago zeudela iragarri zuen, eta langabezian "datu baikorrak eta ezkorrak" izango zirela esan zuen.