Itxi

OCDE-ren txostena

Txiroenen eta aberatsenen arteko aldea gero eta handiagoa da Espainian

Erredakzioa

2014/03/18

2007tik 2010era arte txiroenen diru-sarrerek ia heren bat behera egin zuten. Aberatsenek, ostera, ia ez zuten aldaketarik nabaritu.

Argazkia: EiTB

Lan-merkatuaren krisia familien diru-sarreretan eragin handia izaten ari da Espainian, eta txiroenek gehiago nozitu dute. Familia aberatsenek, aldiz, ez dute diru-sarreretan ia murrizketarik izan, Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak egindako txostenaren arabera.

'Gizartearen egoera 2014' txostenaren arabera, Espainiako familia txiroenek diru-sarreren ia heren bat galdu zuten 2007tik 2010era arte. Euren diru-sarrerek urtero % 14 egin zuten behera, Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen herrialdeetako jaitsierarik handiena, "alde handiarekin". Gainerako herrialdeetan txiroenen diru-sarrerek batez beste % 2 behera egin zuten.

Espainiako familia aberatsenen (% 10) diru-sarrerek, aldiz, % 1 behera egin zuten. Ondorioz, Espainian "desberdintasun ekonomikoa izugarri areagotu da", Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen esanetan.

Horrela, aberatsenen diru-sarrerak txiroenenak baino 13 aldiz handiagoak izan ziren 2010ean. Ekonomia-Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialdeen batezbestekoa 9,4koa izan zen.

Txostenaren arabera, 2008tik 2012ra arte Espainiako familiek pertsona bakoitzeko 2.600 euro galdu zituzten batez beste, euroguneko jaitsiera handienetarikoa.