Itxi

Donostia

Auzitegiak onartu egin du Fagor eta Edesa likidatzeko plana

Erredakzioa

2014/06/04

Hala ere, epaileak hainbat aldaketa egin dizkio hasierako proposamenari, auzian parte hartu duten aldeen gomendioei jarraiki.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Donostiako Merkataritza Auzitegiak argi berdea eman dio, gaur argitaratutako auto baten bidez, Fagor Etxetresnak eta Edesa enpresen administratzaile konkurtsalek aurkeztutako likidazio planari.

Hala ere, Pedro Jose Malagon epaileak hainbat aldaketa egin dizkio hasierako proposamenari, auzian parte hartu duten aldeen gomendioei jarraiki.

Hala, epaileak dio hobe dela Fagor Etxetresnak kooperatiba eta Basauriko Edesa ez banatzea; hori bai, produkzio sail ezberdinetan saldu ahal izango da. Hala ere, epaileak atea zabalik utzi du Basauriko lantegia erosteko eskaintzaren bat iritsiko balitz.

Langileei dagokienez, planak ez du ezartzen gutxienez bermatu beharreko lanpostu kopurua. Edonola ere, autoak dio lehentasuna emango diola postu gehien mantenduko duen eskaintzari.

Halaber, taldea zatika nahiz osorik saldu, erosleek ez dituzte bere gain hartu beharko Fagorren sortutako zorrak.

Eskaintzak

Fagor Etxetresnak erosteko eskaintzak egiteko epea zabaldu da eta, guztira, bost dira. Izan ere, EiTBk jakin izan duenez, orain arte mahai gainean zeuden hiru eskaintzez gain, beste bi ere iritsi dira; bata Esloveniatik, eta bestea Marokotik.

"Prozesua benetan ireki da", Tapiaren ustez

Arantza Tapia Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun sailburuaren ustez, Fagor Etxetresnakek aurkeztutako likidazio plana onartzearekin batera "lanpostu eta Industria gehiena salbatu ahal duzun prozesua benetan ireki da".

Innobasqueko Batzar Nagusian arte hartu baino lehenago kazetariei azaldu dienez, likidazio-planarena "itxaroten ari ginen" berri "positiboa" da. "Nahiko poztu naiz, epaileari egindako ekarpenak direla eta", azaldu du.

"Gaur benetan hainbat enpresek parte hartzen duten prozesua ireki da, eskaintzak aurkeztu ditzakete eta puja bat ireki". "Beraz, gaur benetan Fagor Etxetresnak izan zen horretan lanpostu eta industria gehienak salbatzeko prozesua ireki da", azpimarratu du.

Pedro Malagon magistratuaren autoari buruz, azaldu du "nahiko zabala" dela, eta Eusko Jaurlaritzak ez duela oraindik baloraziorik egingo adierazi du, "lehenengo irakurketa bat besterik ez dugu egin". "Sakontasunez irakurriko dugu, baina hala eta guztiz ere berri ona da epailaren gaurko autoa", gaineratu du.