Itxi

Patronala

Aurten 10.000 lanpostu berri sortuko dira Euskadin, Confebasken ustez

Erredakzioa

2014/07/15

Halere, patronalak zehaztu du aurtengo susperraldia "txikia, motela eta, seguruenik, gorabeheratsua" izango dela.

Confebask euskal enpresarien patronalak aurretik egindako aurreikuspenak hobetu ditu eta 2014ean euskal ekonomiak hobera egingo duela uste du; BPG % 1,2 haziko da eta 10.000 lanpostu berri inguru sortuko dira, urtea bukatu baino lehen.

Miguel Angel Lujua Confebasken presidenteak egin du iragarpena, Bilboko Euskaduna Jauregian patronaleko gobernu organuekin egindako bileraren ostean. Batzarrean, egoera ekonomikoa eta Nuria Lopez de Gereñuren dimisioa aztertu dute.

Lujuak esan du euskal enpresariek espero dutela urte "positiboa" izatea, ekonomian joera aldatzen dela, eta 2013 urtearekin alderatuta hobera egingo duela.

Patronalaren iritzian, atzeraldiaren mamua urruntzen hasia da, ez baina krisi ekonomikoa "euskal ekonomian errotuta jarraitzen" duela, aurtengo susperraldia "txikia, motela eta, seguruenik, gorabeheratsua" izango delako.

Lan harremanei dagokienez, Lujuak deitoratu egin negoziazio kolektiboa etenda egotea, "zoritxarrez gero eta gehiago", baina, horren esanetan, ez da heldu "batzuek iragartzen zuten hondamendi sozialera", lan-erreforma indarrean sartu eta EAEko zenbait lan-hitzarmenek iraunaldia agortu ostean.

Bestalde, Nuria Lopez de Gereñu patronalaren idazkari ohiaren dimisioa ere izan dute hizpide. Ordezkoa uda ostean erabakiko dute, "lasaitasunez, presarik eta mugarik izan gabe", esan du Lujuak, oraindik idazkari nagusia denaren eta Cebek SEA eta Adegi hiru lurraldeetako patronalen presidenteen aurrean.