Krisia Fagorren
Gaur aztertuko dituzte Fagor erosteko behin betiko eskaintzak
Erredakzioa
2014/07/22
Konkurtsoko administratzaileak proposamen egokiena aukeratuko du eta, printzipioz, datorren astean jakinaraziko du epaileak erabakia.
Fagor Etxetresnak eta Edesa eskuratzeko lehia azken urratsak ematen ari da: eguerdian irekiko dituzte Cata, Cevital eta Ecomac enpresen azken eskaintzak, azken hobekuntzak, eta aste honetan esango dute konkurtsoko administratzaileek zeini iritzi dioten onena.
Orain arteko eskaintzak, bai Aljeriako Cevitalena (23 milioi euro, Fagorren aktiboen ordainetan, eta 450 lanpostu zuzen eta zeharkako 1.000 lanpostu mantentzeko eskaintza egin zuen) bai Kataluniako Catarena (21 milioi euro eskaini eta 700 lanpostu zuzen eta zeharkako 900 lanpostu mantentzea proposatu zuen), motzegiak direla esan dute konkurtso-administratzaileek.
Ecomacena beste maila batekoa da, eta osagarri gerta daiteke. Izan ere, Edesagatik 7 milioi euro eta 100 lanpostutik gora eskaini ditu txiletarrak.
Pedro Malagon konkurtsoaren ardura duen epaileak Cataren eta Cevitalen eskaintzak paretsu geratu direla ikusiko balu, lehiakideekin elkartu eta beste saio bat egin lezake, erabakia hartu aurretik. Azken ebazpena, hala ere, gaur zortzirako espero da.
Informazio gehiago (1)